Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: 2025eko EAEko Aurrekontuak, greba Nafarroako hezkuntza publikoan eta Volkswagenen krisia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urriaren 29an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- 2025eko EAEko Aurrekontuak: Eusko Jaurlaritzak 15.728 milioi euroko aurrekontu proiektua onartuko du gaurko gobernu bileran, inoizko handiena. Aurtengoa baino 700 milioi euro (+ % 4,5) handiagoa izango da. Osasun arloko inbertsioa 5.000 milioi euro baino gehiagokoa izango da lehen aldiz —aurrekontu osoaren herena— edo, beste era batera esanda, herritar bakoitzeko inbertsioa 2.300 eurokoa izango da osasungintzan. Gobernu bileraren ondotik, aurrekontu proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak, eta asteazkenean igorriko dute testua Eusko Legebiltzarrera tramitazioa hasi dadin.
- Greba Nafarroako hezkuntza publikoan: Nafarroako irakaskuntza publikoko irakasleek greba eguna dute gaur, hilabetean bigarrenez —aurrekoa irailaren 25ean egin zuten—, tarte horretan Hezkuntzako Kontseilaritzarekin izandako negoziazioen emaitza antzua dela eta. Sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitu dute lanuztea (Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT), eta, besteak beste, ratioak jaistea, zama burokratikoa arintzea eta soldatak hobetzea eskatzen dituzte.
- Volkswagenen krisia: Volkswagenek gutxienez hiru lantegi itxiko ditu Alemanian kostuak murrizteko eta errentagarritasuna handitzeko, enpresak bizi duen krisiari aurre egiteko asmoz. Gainera, enpresak jakinarazi du herrialdeko gainerako zazpi lantegietan ere kostuak murriztuko dituela, eta langileen soldatak % 10 murriztuko dituela. Volkswagen Nafarroako enpresa batzordeak lasaitasun mezua zabaldu die langileei, eta Nafarroako Gobernuak nabarmendu du Landabengo lantegia dela taldeak duen lan zentrorik errentagarriena.