Ekonomia -

Adimen Artifiziala

EAEko entitateen % 12k darabilte Adimen Artifiziala, Euskadin hasiberria den arloa

Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak (BAIC) teknologia horren lehen diagnostikoa egin du. Emandako datuen arabera, gutxienez 89 enpresa ari dira AA garatzen, eta eskariari erantzuteko nahikoa ez badira ere, 908 pertsonak dute arlo horren inguruko prestakuntzaren bat.

BAIC zentroak Euskadiko Adimen Artifizialaren (AA) lehen diagnostikoa egin du. Grafikoa: EITB Media
Adimen artifiziala.
BAIC zentroak Euskadiko Adimen Artifizialaren (AA) lehen diagnostikoa egin du. Grafikoa: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) entitateen % 12,2k erabiltzen dituzte gaur-gaurkoz Adimen Artifizialeko (AA) sistemak. Sektorea, hortaz, hastapenetan dago, baina hazkundean. 

Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak (BAIC, ingelesezko sigletan) teknologia horrek gurean duen egoeraren diagnostikoa landu du, egin den lehena. BAIC 2021ean sortu zuten EAEn Adimen Artifizialaren garapena bultzatzeko (700 agentek hartzen dute parte, eta erakunde publikoak, enpresak eta prestakuntza zentroak daude tartean). 

Txostenak 2023ko datuak bildu ditu, eta AAren ekosistemaren erradiografia egiteko balio du. Ikerketa gaur aurkeztu dute Bilbon, eta bertan izan dira, besteak beste, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu eta BAICeko presidentea eta Laura Maron zentroko zuzendari nagusia. 

Diagnostikoaren arduradunek aitortu duenez, teknologia mota horren ezarpen maila "hastapenetan" dago, baina uste dute Euskadik "oinarri sendoa" duela etorkizunean "nazioarteko erreferente" bilakatzeko. Txostenaren aurkezpenean azaldu dutenez, EAE Estatuko ezarpen mailatik "apur bat gorago" dago, Erresuma Batua, Frantzia edo Alemaniaren "pare". Hala, entitateen % 12k darabilte AA, eta % 26k edozein datu-iturritako Big Data aztertzen dute. Administrazio publikoan apur bat zabalduago dago, % 16,4k erabiltzen baitute dagoeneko. 

Enpresa ehunari dagokionez, gutxienez 89 enpresa ari dira Adimen Artifizialeko soluzioak hornitzen. Iaz, 105 milioi euroko fakturazioa izan zuten konpainiok. Horrez gain, AA euren sistematan txertatu zuten enpresek batez beste % 9 igo zuten euren fakturazioa. BAICek egindako kalkuluen arabera, 7.500 profesional dabiltza AArekin lanean —gehientsuenak, % 83, enpresa pribatuetan—, baina oraingoz, biztanleria aktiboaren % 0,68 baino ez dira. 

Hezkuntza eskaintzak gora egin du azken urteotan, eta egun 35 prestakuntza-produktu daude eskura (graduak, masterrak edo ikastaroak). Urtero, 900 pertsonak lortzen dute Adimen Artifizialean espezializatzea, baina oraindik ez dira nahiko eskariari aurre egiteko. BAICek uste du 2028rako % 20 hasiko dela trebatutakoen kopurua. 

Ikerketa alorrean, 1.200 profesional (komunitatearen ia % 6) ari dira ikerkuntza lanetan. 

Azpiegiturei dagokienez, Datuak Prozesatzeko 21 Zentro (CPD) daude Euskadin (publikoak, erdi-publikoak eta pribatuak) eta errendimendu altuko 6 konputazio-zentro (HPC) —2026rako berri bat irekiko dute—. Hain justu, CPD zentroek industriarentzat duten garrantzia azpimarratu du Nerea Aranguren Mondragon Korporazioko Makina-erremintaren eta Automatizazio Industrialaren dibisioetako zuzendari nagusi eta BAICeko presidenteordeak. Errendimendu altuko ordenagailuak, aldiz, energia sektorearentzat izango dira baliagarriagoak, datuak prozesatzeko duten beharragatik. 

Bestalde, Mikel Jauregi Industria sailburuaren hitzetan, AA "iraultza historikoa" da, eta "mugarri" izango da industriarentzat. "Sinetsita gaude AA euskal industriak nazioartean duen lehiakortasuna areagotzeko abagunea dela, eta inoiz ez bezalako industria-iraultza honetan protagonista izateko lan egingo dugu. Industria gehiago eta industria hobea aldarrikatzen dugunean, AAren moduko erremintak gure ekonomia-ehunean txertatzeaz ari gara, Europako industrializazio berrian lider izateko", nabarmendu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Inteligentzia artifiziala