Ekonomia -

BALANTZEA

Iberdrolak 5.471 milioiko etekina lortu du irailera arte, iaz epe berean baino % 50 gehiago

Gainera, konpainiak 12.300 milioi euroko inbertsioak egin ditu azken hamabi hilabeteetan.

Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), artxiboko irudi batean
Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrolak 5.471 milioi euroko mozkin garbia lortu du 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan, hau da, % 50eko hazkundea izan du iazko epe berarekin alderatuta, inbertsioetan izandako marka historikoak eta Mexikoko aktiboen salmentak (1165,2 milioi euro) bultzatuta.

Konpainiak asteazkenean zabaldutako ohar batean azaldu duenez, irailera arte bere mozkin gordin operatiboa (Ebitda) % 23 hazi da —13.269 milioi euroraino—, sareetan egindako inbertsioen hazkundeak, energia berriztagarrien ekoizpenaren igoerak eta aktiboen errotazioak eraginda. Ebitda adierazle ekonomikoa da, interesak, zergak, balio-galera eta amortizazioak aintzat hartu aurretik enpresaren emaitzak erakusten dituena.

Gainera, inoizko inbertsio daturik onenak hobetu ditu eta 12.300 milioi eurokoak izan dira azken 12 hilabeteetan, bereziki Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan.

Bestalde, enpresaren negozio zifra % 11 murriztu da, 33.116,8 milioi euroraino.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak negozioaren "eboluzio positiboa" nabarmendu du. Horren esanetan, iazko azaroan aurkeztutako estrategiak hazteko, sendotasun finantzarioa mantentzeko eta dibidenduak handitzeko balio izan dio.

Testuinguru horretan, multinazionalak 2024rako irabazi aurreikuspenak hobetu ditu. Horren arabera, 5.500 milioiko irabaziak izango ditu, aurreko urtean baino % 14 gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal enpresak azken ordukoa