Ekonomia -

Turismoa Euskadin

EAEko hotelek iazko udan baino % 2,6 turista atzerritar gehiago hartu dituzte aurtengoan

Udako hiru hilabeteotan 1,17 milioi turistak hartu dute ostatu EAEko hotel-establezimenduetan, eta gero eta handiagoa da atzerriko bisitarien portzentajea. Espainiako Estatutik etorritakoak, aldiz, ia % 3 egin dute behera.

Turistak, Bilbon. Argazkia: EFE
Turistak, Bilbon.
Turistak, Bilbon. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotelek 1,17 milioi turista hartu dituzte 2024ko udan (uztaila, abuztua eta iraila), erdia baino gehiago (% 54) atzerritik etorritakoak. Are gehiago, eta iazko epe berarekin alderatuta, hazi egin da atzerriko bisitarien kopurua (% 2,6); aldiz, Espainiako Estatutik etorritakoen sarrerak % 2,8 jaitsi dira, Eustatek emandako datuen arabera. 

Euskal Estatistika Institutuak Establezimendu Turistiko Hartzaileen azken inkestaren datuak jakinarazi ditu gaur. Iazko udarekin alderatuta, EAEko hotelek sarrera kopuruari eutsi diote (% 0,1) eta gaualdiak % 1,1 haztea lortu dute, hori ere atzerritik etorritako bisitariei esker (% 3,2 igo dira). 

Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelak dira turista gehien hartzen dituztenak (hurrenez hurren, 521.641 eta 480.490 sarrera), baina bizkaitarrek atzera egin dute iazko udarekin alderatuta (sarrerak % 3,3 jaitsi dira). Arabak (170 414 sarrera), aldiz, % 2,8 egin du gora. Gipuzkoak ere 2023ko datuak hobetu ditu, sarrerak % 2,9 igota. 

Hiriburuei dagokienez, hazi egin dira Gasteizko eta Donostiako hoteletan ostatu hartutakoak, betiere iazko epe berarekin alderatuta: % 5,8 eta % 5,7, hurrenez hurren. Bilbok, ordea, iazko udan baino % 3,2 sarrera gutxiago erregistratu ditu. 

Iraileko datuak ere jakinarazi ditu Eustatek. Azken hilabetean, jaitsi egin da EAEko hoteletan izandako sarrerak (% 1,8), betiere 2023ko irailarekin erkatuz gero. Guztira, 359.503 sarrera izan dira. Bisitarien erdia baino gehiago (% 55) atzerritarrak dira, eta iazko irailean baino gutxiago badira ere (- % 0,7 ), Espainiako Estatuko sarreretan izan den jaitsiera baino apalagoa da (% 3,2 egin dute behera). Gaualdi kopuruak (731.977) ere behera egin du, baina jaitsiera txikiagoa izan da (apenas igarri da, % 0,2). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Uda Eustat