Ekonomia -
ETXEBITZA
Ipar Euskal Herrian azaroaren 25ean sartuko da indarrean alokairuak mugatzeko neurria
Eremu tentsionatu izendatutako Lapurdiko 24 udalerritan ezarriko dute neurria. Hiru eremu zehaztu dituzte, eta horietako bakoitzean, batez besteko alokairu prezio bat ezarri dute.
EITB MEDIA
Ipar Euskal Herrian, azaroaren 25ean sartuko da indarrean alokairuak mugatzeko neurria, Lapurdiko tentsiopeko 24 udalerritan. Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Jean Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak atzo sinatu zuten akordioa, eta egungo etxebizitza krisiari aurre egiteko, beharrezko neurria zela esan zuten biek.
Hiru eremu zehaztu dituzte, eta bakoitzean batez besteko alokairu prezio bat ezarri dute, metro karratuko. Lehenengo eremuan izango da garestien alokatzea: 12 euro eta erdi metro karratuko, batez beste. Baiona, Angelu, Biarritz edota Donibane Lohizune daude aurreneko talde horretan.
Bigarren eremuan, berriz, Urruña edota Arbona daude. Horietan, 11 euro pasatxoan ezarriko da alokairua metro karratuko. Eta hirugarren eremuan, kostalde aurrean, Biriatutik Urketara, ia 11 euroan.
Etxe-jabeek, gehienez, ezarritako bataz bestekoaren gainetik % 20 gehiago eskatu ahalko dute alokairuagatik. Era berean, gutxieneko prezio bat ere gomendatu dute, batez bestekoa baino % 30 txikiagoa.
Ezarritako kopuruak bete ezean, 5.000 eta 15.000 arteko isunak jaso ahalko dituzte etxe-jabeek zein higiezin agentziek.
Etchegarayren hitzetan, metropoli batzuen prezioetara hurbiltzen ari dira alokairuak Ipar Euskal Herrian, eta horregatik da beharrezkoa neurria. Alokairu berriei edo berritzeei eragingo die, eta webgune bat prestatu dute, herritarrei informazio guztia eskaintzeko.
Oraingoz, bi urterako akordioa da. Charles prefetaren arabera, neurria indarrean den Frantziako hainbat hiritan, Parisen edo Bordelen, esaterako, eragina sumatzen hasiak direla.