Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Arabako eta Bizkaiko anbulantziak, Navarreteko kamikazea eta Meloniren deportazio plana
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urriaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Arabako eta Bizkaiko anbulantzien zerbitzua: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta La Pau kooperatibaren zuzendaritzak bilera egingo dute gaur, Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuaren arazoak aztertzeko eta kontratua eten ala ez erabakitzeko. Sorpresarik ezean, Osasun Sailak ia ziurtzat jotzen du kontratua eten egingo dela eta zerbitzua beste enpresa batzuek eskainiko dutela. Arabako eta Bizkaiko anbulantzietako zerbitzua azaroaren 30erako esleituta egotea espero du Eusko Jaurlaritzak, baldintza "zorrotzagoak" ezarrita.
- Navarreteko kamikazea: Navarreten (Errioxa) emakume haurdun baten heriotza eragin duen gidari kamikaze nafarra gaur eramango dute epailearen aurrera. Gizona, 46 urtekoa eta San Adriango bizilaguna, AP-68 autobidean kontrako noranzkoan gidatzen ari zen, hildako emakumearen autoaren aurka talka egin zuenean. Gidari nafarrak positibo eman zuen alkohol eta droga proban.
- Meloniren deportazioen plana: Epaileei entzungor egin eta egoera irregularrean iritsitako pertsona migratzaileak deportatzeko planarekin aurrera jarraitzeko asmoa du Italiak. Giorgia Meloni lehen ministroaren gobernuak dekretu bat onartu du Albaniako deportazio zentroak blindatzeko helburuz. Hain zuzen ere, pertsona migratzaileak datozen "herrialde seguruen" zerrenda legez ezarriz saihestu nahi du Justiziaren debekua.