Ekonomia -

INDUSTRIA

Sidenorrek Talgo erosteko erakutsitako prestutasunak Lakuaren, Moncloaren eta merkatuen babesa jaso du

Jaurlaritza "prest" dago Sidenorri Talgo erosten laguntzeko, bertan enplegua eta "errotzea" bermatzen badira. Espainiako Gobernuak ere prozesu horretan laguntzeko borondatea erakutsi du.

Talgo konpainiaren lantegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Talgo konpainiaren lantegia, artxiboko irudi batean
Talgo konpainiaren lantegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sidenor Euskal Herriko talde industrialak Talgo tren ekoizlea erosteko agertutako interesak Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta diru merkatuen babesa jaso du.

Sidenorrek Talgoren kapitalean sartzeko asmoa agertu du aste honetan, zati bat erosiz edo konpainia osoa bereganatuz. Hungariako Magyar Vagon taldeak Talgo erosteko ahaleginak porrot egin ostean, ezegonkortasuna da nagusi tren konpainian.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak ostegun honetan berretsi duenez, Jaurlaritzak babestu egiten du Sidenorrek Talgon sartzeko duen asmoa, baldin eta Euskadin errotuta jarraitzen badu eta enplegua sustatzen bada. Orain lehentasuna "lasai eta diskrezioz lan egitea" dela azpimarratu du.

Prozesua hasiera-hasierako fasean dagoen arren, Jaurlaritza eragiketa horretan laguntzeko prest dagoela nabarmendu du, betiere "Talgorentzat proiektu sendoa eta etorkizun industrialekoa bada, Euskadin errotzea ahalbidetuko duena eta enplegu industriala hobetuko duena".

"Baldintza horiek betetzen badira, Eusko Jaurlaritzak eragiketa babestuko du. Orain lehentasuna lasaitasunez eta, batik bat, diskrezioz lan egitea da", azaldu du.

Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak goraipatu du sektore pribatuaren eskaintzak eta interesak egotea Talgorekiko interesa duten "kaudimen handiko, izaera industrial nabarmeneko" Espainiako enpresa batzuen aldetik.

Cuerporen iritziz, erosketa prozesua enpresak eta akziodunek gidatu behar dute, baina Espainiako Gobernua prest dago "prozesuan laguntzeko".

"Garrantzitsua da sektore pribatuak eskaintzak egiten jarraitzea, enpresa benetan kaudimendunak, izaera industrial eta nazional nabarmenekoak, gure enpresa estrategikoentzat beti dugun helburu handienetako bat epe luzerako bideragarritasuna baita, Talgoren kasuan bezala. Gainera, akziodunen egonkortasuna ziurtatzeko, besteak beste, etorkizunerako beharrezkoak diren inbertsioak egingo direla bermatzeko", adierazi du.

Diru-merkatuei dagokienez, Talgok % 5 baino gehiago egin du gora ostegun honetan burtsan. Talgoren akzioak % 15 igo dira hiru egunetan, urtea hasi zenetik % 12,6 galdu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa Industria albisteak