Ekonomia -

Artzaintza

Artilea, diru-iturri izatetik gastua izatera pasa den lehengaia

Gipuzkoan artile-bilketa egiten ari dira egunotan. Artzainentzat buruhauste bilakatu da garai batean diru ugari ematen zien produktua, inork ez duelako nahi. Animalietatik eratorritako hondakin gisa, gainera, ezin da edonora bota eta kudeaketa kostua da askorentzat.

Artilearen bilakaera azken urteetan. Argazkia: EITB media.
Artilearen bilakaera azken urteetan. Argazkia: EITB media.
Artilearen bilakaera azken urteetan. Argazkia: EITB media.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artilea buruhauste handi bihurtuta dago artzain askorentzat. Gipuzkoan egunotan artile-bilketa egiten ari da Landaola, lurraldeko nekazal garapenerako agentzien elkartea; izan ere, gaur egun hondakin bat da, baina ezin da edonora bota.

Bilketa bailaraz bailara egiten ari dira. Hala nahi duten artzainek agentziak ezarritako puntura eraman dezakete ukuiluetan pilatutako artilea, baina hori bai, aurretik ardi kopuruaren araberako tarifa bat ordaindu behar dute, hondakinaren kudeaketako gastuei aurre egiteko.  

Gipuzkoako Goierriko bilketa Idiazabalen egin dute. Argazkia: EITB Media.

XX mendearen amaiera aldera arte, artilea diru-iturri zen baserri askotan. Denok ezagutzen ditugun galtzerdi tradizionalez eta jertseak egiteaz gainera, artilea atzerrira esportatzen zen moketak eta alfonbrak egiteko eta baserri askotan diru-sarrera polita izaten zuten. Fibra berriak agertzen joan ziren heinean, ordea, material natural honen eskaera gutxitzen joan zen eta XXI mendearen hasieratik ia inork ez du nahi.

Hego Euskal Herrian, ordea, gaur egun oraindik ere 1.250 tona artile inguru sortzen da urtero. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako foru aldundi eta gobernuak dituzten datuen arabera, 2023an guztira 500.000 ardi inguru zeuden lau lurraldeetan eta ardi bakoitzak urtean, bataz beste, 2,5 kilo artile ematen dituela kalkulatzen da.

Nola kudeatu?

Europar Batasuneko Parlamentuak eta Kontseiluak animalietatik datozen eta giza-kontsumorako erabiliko ez diren produktuen inguruko arauak argitaratu zituzten 2009an eta 2011an, SANDACH araudia izenez ezagutzen dena. Araudi honen arabera, artilea animalietatik eratorritako beste azpiproduktu batzuk bezala tratatu behar da hondakin gisa, gizakion segurtasuna bermatzeko. Ondorioz, ezin da edonora bota eta modu egokian desagerrarazi behar da. Prozesu horrek gastuak sortzen ditu.

Gipuzkoan bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak artilearen bilketa eta garraioa antolatzen dute, landa garapenerako agentzien edo mankomunitateen bidez. Horrez gainera, gastuei aurre egiten laguntzen diete artzainei, kostu guztiak edo zati bat ordainduz.

Arabako kasuan, aldiz, artzain bakoitzaren esku dago artilearen kudeaketaren ardura.

Bizkaian, uztailean egin zen 2024ko bilketa eta 80 tona inguru jaso zituzten. Kasu honetan artzainek ez dute tarifarik ordaintzen, hondakinaren tratamentuaren kostua Bizkaimendi landa garapenerako agentzien elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean egiten baita.

Nafarroan, tonako 67 €-ko kostua dauka artilea zabortegian uzteak, baina 15 €ko kostua zeukan zerga aldi baterako kentzea erabaki du Gobernuak. Kasu honetan ere bailaraz bailara egiten dute bilketa eta mankomunitateak arduratzen dira kudeaketaz.

Gipuzkoan, aurten, 125 eta 135 tona artean jasotzea espero du Landaola elkarteko ordezkari eta Goimen agentziako gerentea den Manex Aranburuk; alegia, lurraldean sortzen den artilearen % 40.

Bilketa hauetan parte hartu ordez, artilea etxean kudeatu nahi duten ardi-jabeek bi aukera izaten dituzte nagusiki: simaurrarekin batera nahastuta konpostatu edo "ohe-beroa" deituriko sistema duten ganadutegietako zoruan botatzeko erabili.

2023a arte, Artaxoako zaborren plantan kudeatzen zen Hego Euskal Herriko artilearen zati handi bat. Konposta egiten zuten bertan erakundeek eramaten zuten artilearekin eta baita artzainek euren kabuz eramaten zutenarekin ere. Aurten, ordea, zerbitzu hori desagertu egin da Artaxoako planta itxi egin baitu Nafarroako Gobernuak, eta erakunde guztiak irtenbide baten bila ari dira.

Erabilera posibleak

Alabaina, etorkizunerako erronka artileari balioa itzultzea da Landaolako ordezkariaren hitzetan. Aranbururen arabera, ardi latxaren artileak hainbat ezaugarri onuragarri ditu, sua hartzea asko kostatzen zaio adibidez. Hori dela eta, merkatuko sektore ugaritan erabili ahal izango litzateke. Adibide bat jartzearren, oihalgintzan berokietako isolatzaile bezala erabiltzen du Ternua etxeak. Horrez gainera, hainbat ikerketa egin dira kosmetikagintzan erabiltzeko, produktu ugaritan egokiak izan daitezkeen keratina eta lanolina baititu. Automozioan, eraikuntzan eta nekazaritzan ere erabilgarria izan daiteke.

Hori bai, hori guztia egiteko artilea prozesatuko duten enpresak ere beharko dira. Garbitu, orraztu, fibrak txukundu edota hauts bihurtuko duten prozesuak Euskal Herrian bertan egotea litzateke interesgarriena Aranbururentzat.

Artilearentzat irtenbide egokia bilatu nahian
Artilearentzat irtenbide egokia bilatu nahian
Artilearentzat irtenbide egokia bilatu nahian

2:00
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Nekazaritzaren egungo albisteak Abeltzaintza enpresak