Ekonomia -

Europa

EBZk puntu laurden jaitsi ditu interes tasak, bigarrenez, eta erreferentzia-tasa % 3,25ean kokatu da

Prezioen moteltze prozesuaren testuinguruan kokatu da jaitsiera, irailean euroguneko inflazio tasak hirugarren hilabetez jarraian behera egin eta urte arteko % 1,8an kokatu ondoren, abuztuan baino lau hamarren beherago eta 2021eko apiriletik izan duen mailarik baxuena.

Europako Banku Zentrala
Europako Banku Zentrala
Europako Banku Zentrala

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak (EBZ) bigarren aldiz jarraian murriztu ditu interes-tasak; azken bileran egin bezala, oinarrizko 25 puntu jaitsi ditu tasak, inflazioaren moderazioaren eta jarduera ekonomikoaren "beheranzko azken ezustekoen" ondorioz, eta erreferentzia-tasa % 3,25ean kokatu da.

Gobernu Kontseilua Liublianan (Eslovenia) bildu da, eta gordailu-tasa (erreferentziatzat hartzen den tasa, gehiegizko erreserbak egun batera ordaintzen dituena) hirugarren aldiz jaitsi du aurten, % 3,25era arte.

Halaber, finantzaketa-eragiketa nagusiak –asteko diru-injekzioak– eta kreditu-erraztasuna –bankuei egun batean ematen diena– % 3,4 eta % 3,65ean kokatu dira, hurrenez hurren.

Europako Banku Zentralak komunikatu batean adierazi duenez, datu berrienek erakusten dute inflazioaren beheranzko joerak "aurreikusitakoaren arabera" jarraitzen duela, nahiz eta alor horretako aurreikuspenetan eragina izan duten "jarduera ekonomikoaren adierazleen ustekabeko beherakadek". 

Erakundearen ustez, barne-inflazioak altua izaten jarraitzen du, soldatek erritmo altuan igotzen jarraitzen baitute, nahiz eta lan-kostuen gaineko presioak pixkanaka moteltzea aurreikusten duen.

Datozen hilabeteetan inflazioak gora egitea espero du Europako Banku Zentralak, eta interes-tasak "behar bezain murriztaileak" izateko asmoa berretsi du, % 2ko helburua lortzeko.

Adierazi duenez, aurrerantzean ere bileraz bilera aztertuko dira datuak eta horietan oinarrituta hartuko dira erabakiak, "murrizketa-maila eta iraupen egokiak zehazteko".

Prezioen moteltze prozesuaren testuinguruan kokatu da jaitsiera, irailean euroguneko inflazio tasak hirugarren hilabetez jarraian behera egin eta urte arteko % 1,8an kokatu ondoren, abuztuan baino lau hamarren beherago eta 2021eko apiriletik izan duen mailarik baxuena.

Hala ere, euroguneko BPGa % 0,2 hazi zen urteko bigarren hiruhilekoan, 2024ko lehen hiru hilabeteetan baino hamarren bat gutxiago. Horrez gain, Euroguneko ekonomia nagusia den Alemaniako gobernuak espero baino aurreikuspen eskasagoa egin du, eta apirilean 2024a % 0,3 hazkundearekin amaitzea espero bazuen ere, berrikuspenaren arabera, % 0,2 uzkurtuko da euren ekonomia urtearen amaierarako.

Europako Banku Zentralaren bigarren tasa-jaitsiera da erreskadan, eta, hirugarrena, urtea hasi zenetik, eta beraz, ekainean eta irailean egindako murrizketen ondoren, atzean utzi du jaitsierak hiru hilabetez behin egiteko dinamika. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Europako Banku Zentrala