Ekonomia -

Lan-erregulazioko espedientea

Akordioa itxi dute MasOrange konpainiaren lan-erregulazioko espedientean, eta 650 langileri eragingo die

Euskalteleko enpresa-batzordeko presidentea akordioaren aurka agertu da, ez delako "borondatezkoa bakarrik" izango, eta "kaleratzeak" egongo ote diren beldur delako. Haren esanetan, ezin da jakin Euskaltelen zenbat kaleratze egongo diren, nahiz eta hasiera batean 39 planteatu.

Euskalteleko langileen manifestazioa iragan irailean, Bilbon. Irudia: EITB
Euskalteleko langileen manifestazioa iragan irailean, Bilbon. Irudia: EITB
Euskalteleko langileen manifestazioa iragan irailean, Bilbon. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

650 langileri eragingo dien MasOrangeko lan-erregulazioko espedientearen akordioa aurrera atera da UGT eta Fetico sindikatuetako ordezkarien aldeko botoekin eta CCOOko ordezkaritzaren kontrako botoarekin, gaur Madrilen egindako negoziazio mahaiaren azken bileraren ostean.

Enpresak proposatutako baldintzak "apur bat" aldatu ostean itxi dute akordioa, UGTko iturriek jakitera eman dutenez.

Negoziazio-mahaia, sindikatuen aldetik, CCOOko bost ordezkarik, UGTko lauk eta Konfederazio Sindikal Independenteko (Fetico) beste lauk osatu dute. Beraz, nahiz eta CCOOk aurkako botoa eman, akordioak aurrera egin du.

Enpresaren proposamenak langileen kopurua 650era murriztea zen; izan ere, prozeduran 795 behargin sartuz abiatu zen lan-erregulazioko espedientea, eta enpresak kopurua murriztuz joan da pixkanaka, negoziazioak aurrera egin ahala.

CCOOko iturriek azaldu dutenez, ez da lortu espedientea erabat borondatezkoa izatea. Horregatik, kontrako botoa eman dute, akordioak "beharrezko" baldintzak betetzen ez dituela uste dutelako.

Irteera "duinak" eta "borondatezkoak" ez direla bermatzen uste du Euskalteleko enpresa-batzordeko presidenteak

Horren ildotik, Euskalteleko enpresa-batzordeko presidente Javier del Blanco (CCOO) akordioaren aurka agertu da, espedientea ez delako "soilik borondatezkoa", eta beldur da azkenean "kaleratzeak" egon daitezkeelako behar adina pertsona aurre-erretiroetara eta pizgarridun bajetara atxikitzen ez badira.

Bere ustez, enpresak "ahalegin handiagoa" egin beharko zukeen irteera "guztiak borondatezkoak eta duinak" izan zitezen.

Euskalteleko batzordeko presidenteak eta CCOOk negoziazio mahaian duen ordezkariak adierazi dutenez, sindikatua "langileen esanetara" egon da, astelehenean aurkeztutako proposamena atzera bota zuen, eta gaur aldaketa "txikiak" baino ez dira egin.

"Fetico eta UGT sindikatuen botoekin aurrera atera da akordioa, langile gehienen iritziaren aurka, baina eurek jakingo dute", kritikatu du.

Zehaztu duenez, ezin da jakin Euskaltelen zenbat kaleratze egongo diren —hasiera batean 39 planteatu ziren—, enpresak pauso bakoitzean eta arlo bakoitzean aurreikusitakoen "ehunekoak ezabatu" zituelako.

Bestalde, UGTko iturriek onartu dute negoziazio "gogorra" izan dela, eta azken baldintzek ez dituztela langileen zati handi baten nahiak ase.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT