Ekonomia -

Finantzen Euskal Kontseilua

Aurreikusitakoa baino 700 milioi gutxiago bilduko dituzte EAEko ogasunek, mutualistei egindako itzulketengatik

Finantzen Euskal Kontseiluak 18.300 milioitan finkatu du aurtengo diru-sarreren aurreikuspena, eta kopuru hori 19.700 milioira igo du 2025erako.

Finantzen Euskal Kontseilua, gaur. Irudia: EITB
Finantzen Euskal Kontseilua, gaur. Irudia: EITB
Aurten zenbat diru bilduko den aurreikusteko bildu da Finantzen Euskal Kontseilua

0:38

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 18.300 milioi euro bilduko dituzte aurten, hasieran aurreikusitakoa baino 700 milioi gutxiago, Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenaren arabera. Jaitsiera hori pentsiodunei egindako itzulketen eraginari egotzi diote Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek. Auzitegi Gorenak behartu ditu itzulketa horiek egitera, iraganean egindako bidegabeko atxikipenak ordaintzeko.

Finantzen Euskal Kontseiluak (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak osatzen dute) datorren urterako diru-bilketaren aurreikuspenak ere zehaztu ditu, eta 19.718 milioi eurokoa izango da.

Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Noel d 'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak azpimarratu du 2024ko zerga-bilketaren aurreikuspena "oso positiboa" izango litzatekeela, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitateen kotizatu zuten pentsiodunei egindako itzulketen eraginagatik izan ez balitz. Auzitegi Gorenaren zenbait epai betez egindako itzulketak izan dira, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan 800 milioi euro inguru da ordaindu beharreko kopurua, EAEko erakundeen ustetan.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, 2024ko diru-bilketan itzulketa horiek "eragin nabarmena izan arren", zerga bidezko diru-sarrerak "apur bat" handitu dira 2023 urtearekin alderatuta, iaz 18.212 milioi euro bildu baitziren.

Era berean, adierazi duenez, hiru foru aldundiek "kaudimena dutela erakutsi dute, eta gai izan dira beren kontuak eguneratzeko, 2023ko ekitaldian pentsiodun horiei dirua itzuli ondoren".

2024rako azken diru-bilketaren aurreikuspenaren arabera, duela urtebeteko aurrekontuaren % 96,3 beteko da, eta 699,3 milioi euro gutxiago bilduko dira.

EAEko erakundeetako ordezkarieak Finantzen Euskal Kontseiluan. Argazkia: EFE

Horrekin guztiarekin, gaurko bileran, 2024ko ekitaldirako zerga-bilketaren likidazio aurreikuspenak onartu dituzte EAEko erakundeek: 18.300 milioi euro, hasieran aurreikusitako 19.000 milioien aldean.

Zenbateko hori honela banatuko da: PFEZ (6.916 milioi euro), Sozietateen gaineko Zerga (1.760 milioi euro), BEZ (6.912 milioi euro), Zerga Bereziak (1.543 milioi euro) eta gainerako zergak (1.167 milioi euro).

Lurraldeka, bilketaren zatirik handiena Bizkaiari dagokio (9.457 milioi euro), ondoren Gipuzkoari (6.021 milioi euro) eta azkenik Arabari (2.822 milioi euro).

Datorren urterako aurreikuspenei dagokienez, termino absolutuetan, uste da foru aldundiek 19.718 milioi euro bilduko dituztela zergen bidez. Diru-bilketaren hazkundea 2024ko aurrekontua baino 3,8 puntu handiagoa izatea espero da.

Iragarpen hori urte amaierarako aurreikuspena baino % 7,7 handiagoa da. Eusko Jaurlaritzak egindako koadro makroekonomiko berriaren arabera, BPG nominala % 4,3 haziko da 2025ean.

Foru aldundiek erakunde komunei egin beharreko ekarpenari dagokionez, 13.200 milioi euro adostu dituzte 2025erako. Arabak % 16,04ko ekarpena egingo du, Bizkaiak % 50,37 eta Gipuzkoak % 33,59.

Azkenik, Egokitzapen Orokorrerako Funtsak 178 milioi euroko aurreikuspena du 2025erako. Funts horren finantzazioaren % 70,81 Eusko Jaurlaritzak egingo du, eta gainerakoa, foru aldundiek. Ardura hori Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da; bakoitzak 100, 4 eta 77,6 milioi euroko ekarpena egingo du, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia EUDEL