Ekonomia -

Lan istripua

47 urteko langile bat hil da Loiun, lantegi bateko teilatutik erorita

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Larrondo kalean dagoen pabilioi batean izan da ezbeharra, 11:10 inguruan. Kolpearen ondorioz, tokian bertan zendu da. ELAk azaldu duenez, hildako behargina Amurrioko (Araba) Amiantec 3000 enpresakoa zen, baina GECSAn (Loiu) azpikontratatuta zegoen.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

47 urteko langile bat hil da Loiun (Bizkaia), lantegi bateko teilatutik 10 metro behera erorita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, Larrondo kaleko pabilioi batean izan da lan istripua, 11:10 inguruan.

Kolpearen ondorioz, lekuan bertan zendu da.

ELAk erakunde publikoei eskatu die "ikuskatzeko baliabideak handitzeko, Legea betetzen dela kontrolatzeko eta lan-istripu gehiago saihesteko", gaur Loiun gertatutakoa, esaterako.

ELAk azaldu duenez, hildako behargina Amurrioko (Araba) Amiantec 3000 enpresakoa zen, baina GECSAn (Loiu) azpikontratatuta zegoen. Pabiloiaren estalkian lanak egiten ari zen, eta teilatutik lantegi barrura erorita hil da.

Aurten, ELAk ohartarazi duenez, "45 pertsona hil dira lan-istripuan, guztira, Hego Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuaren buruan jarraitzen du ezbeharrei buruzko datuetan". Horietako zazpi altueran izandako erorikoen ondorioz hil direla adierazi du sindikatuak.

"Arrisku-faktore hori da, oraindik ere, urtero gertatzen diren istripu hilgarrien arrazoi nagusietako bat. Heriotza horiek saihestu egin daitezke, behin eta berriz eta etengabe huts egiten duten oinarrizko segurtasun-neurriekin", gogorarazi du ELAk.

Hori dela eta, sindikatu abertzaleak lan-istripu hilgarria eragin duten inguruabarrak ikertzeko eta argitzeko eskatu du, baita "babes eta prebentzio neurri faltagatik izan daitezkeen erantzukizunak garbitzeko ere".

Hego Euskal Herrian gaur hil den bigarren langilea da. Olletan, gaur goizean, behargin bat hil da, 8 metroko altueratik erorita.

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako, 11:00etan, Iruñeko Gaztelu plazan, bi istripu larrion aurka protesta egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak gaur Amurrio Getxo Bizkaia ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal sindikatuak