Ekonomia -

Elkarrizketa sozialeko mahaia

Espainiako Gobernuak planteatu du bajatik "pixkanaka lanera itzuli" ahal izatea, medikuen ikuskaritzapean

Estatuko gizarte-eragileen artean, UGT eta CCOO sindikatuek "baja malguen" planteamenduaren aurka daudela aurreratu dute. CEOE patronalak, berriz, negoziazioen hasiera baloratzea saihestu du.

Eraikuntza sektoreko beharginak, lanean. Argazkia: EFE
Eraikuntza sektoreko beharginak, lanean. Argazkia: EFE
Eraikuntza sektoreko beharginak, lanean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bajan egon ostean, medikuen ikuskaritzapean, lanpostura "pixkanaka-pixkanaka itzultzeko" aukera proposatu die Espainiako Gobernuak Estatuko gizarte-eragileei gaur.

Borja Suarez Gizarte Segurantza eta Pentsioen Estatu idazkariak komunikabideei azaldu dienez, zenbait egoeratan "pixkanaka lanera itzultzea" da beharginen osasuna hobetzeko modurik eraginkorrena.

Suarezek azpimarratu du medikuaren erabakiak ekarriko lezakeela egoera aldatzea, "gradualtasun" hori sendagiria jaso ondoren izango litekeela eta prestazioa eta soldata nolabait bateragarri egin litezkeela.

Borja Suarez Gizarte Segurantza eta Pentsioen Estatu idazkaria. Argazkia: EFE

Gizarte Segurantzak azaldu duenez, kasu horiek gerta litezke, adibidez, baja luzeen ondoren lanera itzultzean, lanaldi osora itzultzea problematikoagoa izan daitekeelako edo gaixoberritzea ekar dezakeelako. Kasu guztietan, lanera itzultzeko aukera hori alta jasotakoan egingo litzatekeela nabarmendu dute, hau da, behargina sendatuta dagoenean.

Gaur egun ezinezkoa da soldata eta ezintasunagatiko prestazioa batera kobratzea, eta, beraz, horren inguruko neurriren bat hartu beharko litzateke.

Carlos Bravo CCOOko ordezkaria. Argazkia: EFE

Estatuko gizarte-eragileen artean, UGT eta CCOO sindikatuek "baja malguen" planteamenduaren aurka daudela aurreratu dute. CEOE patronalak, aldiz, negoziazioen hasiera baloratzea saihestu du.

"Arinkeria eta arduragabekeria da", adierazi du Carlos Bravo CCOOko Politika Publikoen eta Gizarte Babesaren idazkariak. Bileraren atarian prentsari adierazi dionez, Gizarte Segurantzak kezka azaldu die aldi baterako ezintasunagatiko prestazioen gastua handitu delako, baina ez dute proposamen zehatzik egin.

Cristina Estevez UGTko ordezkaria. Argazkia: EFE

Era berean, Cristina Estevez UGTko Erakunde Politikako eta Lurralde Politiketako idazkariak proposamenak eskatu ditu. "Proposamen zehatz bat izan arte, ezin dugu jakin Ministerioak zer nahi duen. Egia da niri lasaitasun mezu bat bidaltzea gustatuko litzaidakeela eragin den alarma sozialari dagokionez", esan du.

Estevezek ziurtatu duenez, "mahaian parte hartzen dugun gizarte-eragileak, ez sindikatuak, ezta patronalak ere, ez gaude inola ere baja malguen alde edo horiek bermatzearen alde, zentzugabekeria da".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Lana Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak CCOO UGT CEOE