Ekonomia -
GREBA
Urriaren 29rako greba deialdia erregistratu dute Nafarroako Hezkuntza Publikoko sindikatuek
STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGTk nabarmendu dutenez, lanuztea iragarri eta astebete pasa denean, "Nafarroako Gobernua ez da indar sindikalekin bildu, ezta eskaerak Mahai Orokorrera eraman da ere, handik Gobernuarekin negoziatzera bidaltzen baikaituzte".
Agentziak | EITB
Nafarroako Hezkuntza Publikoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek (Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) urriaren 29an sektorearen greba deialdia erregistratu dute astearte honetan.
"Ikusirik Nafarroako Gobernua ez dela ari irakaslegoarekiko duen ardura betetzen", hezkuntza publikoko sindikatuek bigarren greba egun hau erregistratu dute, eta Gobernuari berriro eskatu diote biltzeko, ohar batean azaldu dutenez.
Nabarmendu dutenez, lanuztea iragarri eta astebete pasa denean, "Nafarroako Gobernua ez da indar sindikalekin bildu, ezta eskaerak Mahai Orokorrera eraman da ere, handik Gobernuarekin negoziatzera bidaltzen baikaituzte".
Egoera honen aurrean, irakasleei grebarekin bat egiteko dei egiten diete, eta Gobernuari "behingoz, negoziazio erreal bati ekitdeko", azpimarratu dute.
Irailaren 25ean egin zuten lehen greba, eta, sindikatuen arabera, bi irakasletik hiruk egin zuten bat grebarekin. Hezkuntza Sailaren arabera, berriz, jarraipena % 26,5ekoa izan zen.
Sindikatuek, besteak beste, ratioak jaistea, irakasleen gainkarga arintzea (burokrazia, bilerak, ebaluazioak, etab.), plantillen ezegonkortasunarekin amaitzea eta erosteko ahalmena berreskuratzea eskatzen dute.