Ekonomia -
Parke fotovoltaikoak
Udal txosten batek baztertu egin du Solaria enpresaren bigarren proiektu bat Gasteizen
Kasu honetan, Madrilgo konpainiak Lubinauko lurretan egin nahi duen 79 hektareako egitasmoa baztertzen du. Solariak EAEn aurkeztu dituen sei proiektuetatik lauk kontrako txostenak jaso dituzte dagoeneko, eta bi baino ez daude horien zain.
EITB Media
Txosten berri batek zalantzan jarri du Solaria enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dituen parke fotovoltaikoen proiektua. Bizkaiko eta Arabako foru aldundien eta Gasteizko Udalaren aurkako txostenak jaso ostean, orain udal erakunde bereko beste bat erantsi behar zaio, Madrilgo enpresak Arabako hiriburuko lurretan martxan jarri nahi duen proiektu bat baztertzen duena.
Kasu honetan, Madrilgo enpresak Lubinauko lurretan aurrera eramateko asmoa duen 'Vitoria Solar 2' izeneko 79 hektareako egitasmoa baztertzen du. Duela aste pare bat, parke horien kontrako plataformek gurutze beltzak jarri zituzten Arabako landa-herrien heriotza irudikatzeko.
Solariak EAEn aurkeztu dituen sei proiektuetatik lauk kontrako txostenak jaso dituzte jadanik, eta bi baino ez daude horien zain.
Konkretuki, Gasteizko Udaleko Hirigintza arduradunek egindako txosten teknikoak ondorioztatzen du 'Vitoria Solar 2' ez dela bateragarria indarrean dagoen Plan Orokorrarekin, ezta oraindik onartzeko dagoen berriarekin ere, PSE-EEk eta EAJk osatzen duten Udal Gobernuak Podemosekin batera adostutakoa, El Correok aurreratu duenez.
Dagoeneko Solariak lortuak zituen instalazio horretarako baimen asko, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena barne, baina udal-txostenaren ondorioak ikusita, beste lursail bat aurkitu beharko luke, eta horrek tramite guztiak berriro hastera behartuko zuen.
Irailean, Bizkaiko Foru Aldundiak kontrako txostena aurkeztu zion Solaria enpresaren Arabako planta fotovoltaikoen energia ebakuatzeko goi-tentsioko linearen proiektuari, babestutako gune eta espezieei eragiten dielako. Proiektuak Araban hainbat parke fotovoltaiko eraikitzea aurreikusten du, baina horien ebakuazioa Bizkaian zehar egin beharko da, 100 kilometro inguru zeharkatuz, Bilboko portura iritsi arte.
Eguzki-energia fotovoltaikoa sortzen duen enpresak uztailean jakinarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoan 1.000 lurjaberekin akordioak itxi dituela jada bere proiektu fotovoltaikoak garatu ahal izateko, eta 3.000 akordio gehiago itxi nahi dituela gaineratu zuen.