Ekonomia -

Lana

Zalaparta sortu du alderdi eta sindikatuen artean Gobernuak iragarritako "laneko baja malguen" proposamenak

EH Bilduk "astakeriatzat" jo du. Gobernua eskuinera alboratzen ari dela kritikatu du Podemosek, eta "osasunarekin ez jolastea" eskatu Diazek. CEOE Espainiako patronaleko presidente Antonio Garamendik eta Lan sailburu Mikel Torresek "positibotzat" eta "interesgarritzat" jo dute proposamena.

Lnagile bat beharrean. Argazkia: EFE
Lnagile bat beharrean
Lnagile bat beharrean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak ostegunean aurreratu zuenez, lanerako aldi baterako ezgaitasuna —laneko baja gisa ezagutzen dena— erregulatzen duen araudia aldatzeko asmoa du, kasu edo egoera konkretu batzuetan malguagoak izan daitezen, eta zenbait lanetara itzultzeko aukera emateko.   

Asmo horrek, baina, alderdi batzuen kritikak ekarri ditu. EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruak, adibidez, "astakeriatzat" jo du ministroaren asmoa. Horregatik, aurreratu du bere koalizioak ez duela asmo hori inolaz ere babestuko.

Podemoseko buru Ione Belarrak ere atsekabez hartu du berria, proposamen horrekin Gobernua eskuinera alboratzen ari dela iritzita, eta ohartarazi du gaixo dauden beharginak lanera joatea ekarriko lukeela araudi aldaketa horrek.

Lan ministro Yolanda Diazek (Sumar), bestalde, eskatu du beharginen osasuna kolokan ez jartzea. "Arrazoi bakarra dago aldi baterako ezgaitasunaren atzean: langileen osasuna babestea. Ez dago zentzuzko aukera gehiagorik. Ez malgutasuna, ezta partzialtasuna ere, osasuna ez baita arriskuan jarri behar", adierazi du.

LABek ere bere iritzia eman du, eta Saizen proposamena langileen osasun eskubidearen kontrako "saialdia" izan dela esanez.

"Patronalaren esanetara dagoen estatu gobernu bat ikusten ari gara, harrituta", nabarmendu du sindikatuak.

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren iritziz, ordea, laneko baja malgutzeko proposamena aukera "interesgarria" izan daiteke, betiere "segurtasun juridikoarekin" egiten bada.

CEOE Espainiako patronaleko presidente Antonio Garamendik ere positibotzat jo du proposamena. 

"Gustuko dugu eredua", adierazi du, izan ere, horren iritzian, "hasiera bateko proposamena, behintzat, ez da gehiegizkoa", nahiz eta negoziazio mahaian sakonago aztertuko duten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Yolanda Diaz Sumar Mugimendua