Ekonomia -

FISKALITATEA

EAEko ogasunek 730 milioi euro baino gehiago itzuli beharko dizkiete mutualistei

60ko eta 70eko hamarkadetan mutualitateetan kotizatu eta PFEZn gainerako langileen kenkari berberak izan ez zituztenen pentsioetan bidegabe atxikitako dirua da itzuliko dena.

Erretiroa hartutako gizo bat irakurtzen eta emakume bat paseoan, Bilbon. Argazkia: EFE
Erretiroa hartutako gizo bat irakurtzen eta emakume bat paseoan, Bilbon. Argazkia: EFE
Erretiroa hartutako gizo bat irakurtzen eta emakume bat paseoan, Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko foru aldundietako ogasun departamentuek 1979a baino lehen mutuak ordaindu zituzten jubilatuei 730 milioi euro baino gehiago itzuli beharko dizkiete. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoakoak zenbat diru itzuli behar zuten jakina zen eta gaur eman da ezagutzera Arabako kopuru zehatza.

Auzitegi Gorenaren hainbat sententziak pentsioetan izan zituzten atxikipenak eskuratzeko eskubidea eman zieten mutualistei, 1979ra arte egindako ekarpenak ez zirelako kontuan hartu. Epai horiek 2018 eta 2022 arteko errenta aitorpenetan erreklamazioa jartzeko aukera eman diete pentsiodunei, izan ere, urte horietako aitorpenak ez baitaude preskribatuta.

Bizkaiko foru ogasuna da itzulketa handiena egin beharko duena. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak astelehen honetan Batzar Nagusietan azaldu duenez, 432 milioi euro itzultzea aurreikusten dute.

Berrojalbizek jakitera eman duenez, Ogasunak jada itzuli ditu 106,7 milioi 2023. urteko zor kopuruengatik, eta preskribatu gabeko azken lau ekitaldietako likidazioen berrikuspena, 325 milioikoa, urri eta azaro bitartean egingo da. Horrenbestez, 104.826 pertsonak jasoko dute euren dirua urtea amaitu baino lehen, bihartik hasita.

Gipuzkoan, Foru Aldundiak adierazi du 200 milioi euro baino gehiago ordainduko zaizkiela lurralde horretako mutualistei, itzulketetan.

Araban, berriz, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak gaur zehaztu du, lehen aldiz, zenbatekoa izango den itzulketa: 100 milioi euro baino gehiagokoa.

"Oso kopuru garrantzitsuak dira, eta eragin nabarmena izango dute aurtengo diru-bilketan", adierazi du Gonzalezek. Horregatik, ahaldun nagusiak uste du "ziurrenik ez dela posible izango diru-bilketaren inguruan genituen aurreikuspenak betetzea". Nöel d 'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak horixe bera aurreratu zuen aurreko astean, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Dena dela, Finantzen Euskal Kontseiluaren aurreikuspenaren arabera, hiru lurraldeetako ogasunek 19.000 milioi euro eskuratuko dituzte aurten, hau da, 2023an baino % 4,3 gehiago. Abuztura arteko azken bilketa-datua % 2,1 gehiagokoa zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia