Ekonomia -

Erosketa saskia

Bueltan da oinarrizko elikagaien BEZa: Nola eragingo du erosketa-saskian?

Astearte honetan, hainbat elikagairen BEZa ordaintzeari ekin beharko diogu berriz ere. Ogia, esnea, arrautzak, oliba-olioa, lekaleak eta abar prezio altuagoan ordaindu beharko ditugu urte amaiera bitartean, eta are gehiago ordutik aurrera.

Elikagaien BEZaren igoera. Argazkia: EITB Media.
Elikagaien BEZaren igoera. Argazkia: EITB Media.
Elikagaien BEZak gora egingo du

0:08

A.A.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gatazkak eragin zuen egoera ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak 2022tik hartutako neurri-sorten amaiera gero eta gertuago dago. Elikagaien Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ), esate baterako, koxka bat egingo du gora astearte honetan, urriaren 1ean, eta 2025. urtea hastearekin batera, goraldi bat izango du, ohiko mailan jarri arte.

Premia larriko elikagaien BEZa ("super murriztua" deiturikoa) % 0 mailan egon da 2023ko urtarriletik; alegia, ez dugu BEZik ordaindu produktu horiek erostean. Baina hori asteartetik aurrera aldatu egingo da, eta, momentuz, % 2 ordainduko dugu. Janarien talde horretan sartzen dira ogia, irina, edozein animaliak sortutako esnea, gazta, arrautzak, lekaleak, laboreak, barazkiak eta frutak.

Oliba-olioa BEZ "super murriztua" duten elikagaien taldean dago joan den uztailaren 1etik, Sanchezen Gobernuak ekainaren 25ean egin zuen Ministroen Kontseiluan hala onartu ostean, "dieta osasungarria egiteko oinarrizko eta funtsezko elikagaia" dela aitortuta.

Ordura arte, oliba-olioak BEZ altuagoa izan ohi zuen: % 10ekoa, egoera normal batean, eta % 5ekoa, zergaren jaitsiera indarrean sartu zenetik. Aurrerantzean, ordea, oinarrizko elikagai gisa hartuko da eta bere BEZak ez du % 4tik gora egingo.

Funtsezkoa dela aitortu duten arren, elikagai mota guztien artean, oliba-olioaren salneurriaren gorakada izan da nabarmenena azken bi urteetan. Estatistiken Institutu Nazionalak (INE) zabaldutako datuen arabera, 2023ko urtarriletik orain arte, hilero, % 20koa baino hazkunde handiagoa izan du prezioaren urtebeteko indizeak eta bereziki aipatzekoak dira 2023ko iraila, urria eta azaroan izandako gorakadak: % 67, % 73,5 eta % 66,7koak, hurrenez hurren.

Oinarrizko elikagaiek % 2ko BEZa izango dute astearte honetatik aurrera
Oinarrizko elikagaiek % 2ko BEZa izango dute astearte honetatik aurrera
Oinarrizko elikagaiek % 2ko BEZa izango dute astearte honetatik aurrera

0:44

Pastak eta hazien olioak

Asteartetik aurrera BEZ altuagoa izango duten beste elikagai batzuk pastak eta hazietatik eratorritako olioak dira, ekilore-olioa, esate baterako. Kasu horretan, orain arte % 5eko zerga izan dute eta % 7,5ekoa izango da urte amaiera arte.

BEZaren jaitsiera ekarri zuen neurri sorta 2023ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean. Ukrainako gatazkak eragin zuen prezioen igoera bortitzari aurre egiteko hainbat neurri hartu zituen Espainiako Gobernuak 2022ko udatik aurrera, besteak beste, elektrizitate produktuen zergak merkatzea, garraio publikoan ibiltzeko abonuak edota etxegabetzea debekatzea. Ondoren, hiru hilabeterik behin edo sei hilabeterik behin neurri horiek berrikusten, berriak hartzen edota luzatzen aritu izan da.

Alabaina, Europako Batzordeak neurriak pixkanaka atzera botatzeko agindua eman du, prezioen igoera apaldu dela iritzita. Horren ondorio da BEZ zergaren igoera hau. 2025. urtea hastearekin batera, gainera, gehiago igoko dira, ohiko mailara iritsi arte: "supermurriztua" % 4an ezarriko da, eta pasta eta hazietatik eratorritako olioena, % 10ean.

Hilabeteotan BEZ baxua izateak elikagaien prezioen merkatzea ekarri ez badu ere, salneurrien igoera apaltzea lortu du.

Esate baterako, 2023ko otsailean % 16,6 egin zuen gora elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioen urtebeteko indizeak, INEren arabera. Martxoan, % 16,5 igo zen datua. Ondoren, ordea, hilez hil apaltzen joan da gorakada hori:  % 7,4 igoz hasi zuen 2024 urtea eta abuztuan % 2,5ean kokatu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua bideoak Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa