Ekonomia -

Greba

Greba orokorra dago deituta gaur Hego Euskal Herrian Palestinari elkartasuna adierazi eta genozidioa salatzeko

Espainiako Estatuan CGT sindikatuak egin du deialdia, eta Hego Euskal Herrian, Ikasle Abertzaleak antolakundeak egin du bat. Manifestazioak daude antolatuta Gasteizen eta Bilbon arratsalderako, 19:00etarako.

CGT sindikatuak grebarako erabili duen irudia. Argazkia: @CGT
CGT sindikatuak grebarako erabili duen irudia.
CGT sindikatuak grebarako erabili duen irudia. Argazkia: @CGT

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren kontrako oihu kolektibo bilakatu nahi du gaurko greba orokorra CGT sindikatuak, eta, era berean, Espainiako Gobernuak eta hainbat erakundek gatazkan duten "konplizitatea" salatu du. Espainiako Estatuan, 200 elkarte eta eragilek babestu dute deialdia, eta Hego Euskal Herrian, Ikasle Abertzaleak antolakundeak egin du bat (DBHn eta Unibertsitatean antolatu ditu mobilizazioak). 

Deitzaileek piketeak, elkarretaratzeak eta manifestazioak dituzte deituta aldarrikapenok zabaltzeko. Arratsalderako, manifestazioa deitu dute Gasteizen ,Andre Maria Zuriaren plazan, eta Bilbon, Arriaga plazan, 19:00etan. 

Ikasle Abertzaleak antolakundeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hainbat ikastetxetan egin ditu deialdiak. Azpeitian (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Irunen (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa) eta Errenterian (Gipuzkoa) izango dira ikasleen protestak, urriaren 7aren lehen urteurrenaren atarian. Unibertsitatean, berriz, ikasleak zein irakasleak mobilizatuko dira. Aurreko ikasturtean Palestinari elkartasuna agertzeko sortu zituzten sareak, eta horiexek egin dituzte gaurko protesta deialdiak. EHUko Gasteizko, Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) eta Leioako (Bizkaia) campusetan antolatu dituzte protestak.

CGTren ustez, Espainiako Gobernuak Palestina estatu gisa aitortu izana "ekitaldi sinbolikoa baino ez da desmobilizazioa sustatzeko eta beharrezkoak diren neurriak ez hartzeko". Horren aurrean, "estatu genozida batekin konplize" izateari uzteko eta Israelekin dituen harremanak hausteko eskatuko diote Sanchezen gobernuari. 

Salatu duenez, Espainiak ez dio inolako zigor komertzialik ezarri estatu sionistari, Espainiak Tel Aviven duen enbaxada normaltasunez ari da lanean, eta Israelen Espainiako enbaxadoreak ere ohiko jarduna du. Are gehiago, urriaren 7tik armen salerosketa handitu du Espainiako Gobernuak Israelekin, CGTren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatzen da munduan? Bilbo gaur Grebak albisteak Espainiako Gobernua bideoak Espainia gaur Gazako Zerrenda Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Israel Palestina albisteak Protestak gaur Sindikatuen azken ordukoa