Ekonomia -
Nafarroako Hezkuntza
Sindikatuak "pozik", Nafarroako Hezkuntza Publikoko grebaren jarraipenarekin
Grebaren jarraipena % 26,5ekoa izan da, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren arabera. Sindikatuek, ordea, greba egin ahal zutenen hirutik bik egin dutela adierazi dute.
EITB Media
Nafarroako Hezkuntza Publikoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek (Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) deitutako greba eguna Iruñeko erdiguneko kaleetan egin duten martxa batekin amaitu da. Alde soziala "oso pozik" agertu da hezkuntza komunitateak grebari egin dion jarraipenarekin.
Beatriz Martinez UGTko bozeramaileak martxaren hasieran jakinarazi duenez, gutxieneko zerbitzuetan ez zeudelako greba egin zezaketen hiru irakasletik bik bat egin dute grebarekin. Azaldu dutenez, ikastetxe batzuetan % 70etik gorakoa izan da jarraipena, eta beste batzuetan % 100era ere iritsi dira.
Hezkuntza Departamentuak, ordea, bestelako datuak eman ditu. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak esandakoaren arabera, % 26,5ekoa izan da jarraipena. Nafarroako Gobernuaren kontrol saioan izan da Gimeno eta EH Bilduko Eneka Maiz parlamentariaren galdera bati erantzunez, "sindikatuek espero ez zuten datua" dela, esan du.
Sindikatuon ustez, kalitatezko arreta emateko "ezinbestekoa" da taldeetako ikasle kopurua murriztea, irakasleen lan karga gutxitzea (burokrazia, bilerak, ebaluazioa, etab.). Halaber, salatu dutenez, irakasleen ezegonkortasunak ikasleen jarraipena eta eskolako funtzionamendua kaltetzen ditu. Horrez gain, urritutako erosahalmena berreskuratzea eskatu dute.
Goizean elkarretaratzea egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuak hiriburuan duen egoitzaren aurrean. Bertan ohartarazi dutenez, "ezin dugu gehiago, hezkuntza publikoa zaintzeko baliabide gehiagoren zain gaude".
Lau zutabe osatuta, Txantreatik, Arrotxapeatik, Mendillorritik eta Barañaindik atera dira irakasleak, eta ordubete geroago heldu dira Hezkuntza Departamentuaren egoitzara. Jendetsua izan da bilkura, eta grebalari asko eta asko Santo Domingoko aldapan geratu behar izan dira.
Unai Alava (CCOO) eta Uxue Itoiz (ELA), hurrenez hurren, gazteleraz eta euskaraz azaldu dutenez, "bi ikasturte daramatzagu Hezkuntza Departamentuari arreta hobetzeko premiazko eskakizunak egiten. Hezkuntza publikoak bermeak eman behar ditu, eta ikasleen beharrizanei erantzun. Horretarako lan baldintza duinak behar ditugu".
Sindikatuon bozeramaileen ustez, elkarretaratzean bildutako jendetza "Hezkuntzan dagoen nahigabearen erakusle da, ozen ari gara esaten eta kontseilariak ez digu kasurik egiten".
Arratsaldean, berriz, manifestazioa egin dute, Iruñeko Gurutzeko plazatik abiatuta.
Gimeno: "Nafarroak eskola-uzte tasa txikiena du"
Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren iritziz, grebak hezkuntza publikoa kaltetzen du, eta irakasleen aldarrikapenek ez dute bat egiten egun duen egoerarekin. Izan ere, kontseilariak hainbat datu eman ditu Nafarroako Parlamentuan, sistemaren bikaintasunaren adibide edo. UPNk grebari buruz galdetuta, Gimenok erantzun du Foru erkidegoak Espainiako Estatuko eskola-uzte tasa txikiena duela, eta Nafarroako herritarrek gehien estimatzen duten hirugarren arlo dela.
"Egungo egoerak ez du 2012ko grebarekin zerikusirik. Lan aldarrikapenak gauza bat dira, eta bestea, Hezkuntzaren egoera", esan du. "Hezkuntza adierazleen Estatuko sistemaren datuen arabera, Nafarroa Espainiako bigarren erkidegoa da, 8,4ko puntuazioarekin. Batxilergoaren eta Lanbide Heziketaren izen-emate tasak Espainiako altuenak dira", defendatu du Gimenok.