Ekonomia -
AURREKONTUAK
Espainiako Gobernuak atzeratu egingo du gastu-mugaren tramitazioa Kongresuan, babes faltagatik
Erabaki honekin, negoziatzeko denbora irabazi nahi du Espainiako Exekutiboak, gaur gaurkoz ez baitu bermatuta gastu-mugaren tramitazioak aurrera egiteko behar duen babesa. Juntsek aurreratu du ez duela alde bozkatuko. Ostegunean zen bozkatzekoa 2025-2027 eperako zerga-egonkortasunerako bide-orria.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak atzeratu egingo du gastu-mugaren tramitazioa Kongresuan, oraingoz, ez duelako bermatuta horrek aurrera egiteko beharrezkoa den gutxieneko babesa. Negoziatzen jarraitu nahi du, eta bigarren porrota ekidin. Uztailean egin zen aurreneko bozketa, eta Juntsek, PPk eta Voxek gastu-mugaren kontra bozkatu zuten, datorren urteko aurrekontu orokorrak kolokan utzita.
Ogasun Ministerioak jakinarazi dutenez, gaurko Ministroen Kontseiluan onartuko dute bozketa atzeratzea, "elkarrizketari beste aukera bat" emateko eta "erkidego eta udal guztientzat onuragarria izango den itun bat lortzeko aukera guztiak" agortzeko.
Ostegunerako zegoen deituta 2025-2027 eperako zerga-egonkortasunerako bide-orriaren bigarren bozketa Kongresuan, eta, itxura guztien arabera, oraingoan ere, emaitza errepikatu egingo zen.
Oraingoz, tramitazioa bertan behera utziko dutela bai, baina noiz arte ez du esan Ogasun Ministerioak. Aurrekontu orokorrak onartu aurreko urratsa izaten da gastu-sabaia eta defizit-muga onartzea, eta gaur iragarritako atzerapenarekin, jada ezingo da bete araudian aurreikusitako egutegia. Horren arabera, urria baino lehen onartu behar du Kongresuak gastu-muga.
EH Bildu, aurrekontuak babesteko prest
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan duenez, bere koalizioa prest dago Estatuko Aurrekontu Orokorrak babesteko. Hori bai, ahal duten guztia negoziatuko dutela gehitu du.
Herri Irratian egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok. Aurrekontuak onartzeko "zailtasunak" izango baditu ere, Pedro Sanchezen Gobernuak "eutsi" egingo diola uste du buruzagi independentistak. "Ordezkoa PP-Vox da", ohartarazi du.
Datorren urteko kontuen inguruan PSOErekin hitz egiten eta negoziatzen ari direla ere esan du. Esan duenez, "arazo nagusi" bat izaten da halakoetan: "alderdien interesak interes orokorraren gainetik jartzen dira".
Berriro baztertuz gero, EAJk "estuasunak" egon daitezkeela ohartarazi du
EH Bilduk bezala, EAJk ere Espainiako Gobernuaren gastu-muga babesteko prest azaldu da. Izan ere, bigarrenez baztertzekotan "estuasunak" aurreikusi ditu.
Hala esan du Aitor Esteban jeltzaleek Kongresuan duten bozeramaileak. "Administrazio guztiek zailago izango lukete aurreko gastu-muga luzatuko balitz. Estuasunak handiagoak izango lirateke, ziur".