Ekonomia -
Turismoa
EAEko etxebizitza turistikoek 31.589 bisitari hartu zituzten abuztuan, iaz baino ia % 21 gehiago
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-aterpetxeetan, aurtengo abuztuan, bisitariak % 15,2 areagotu ziren, eta landetxeek 25.471 turista hartu zituzten, % 5,4 gehiago.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) etxebizitza turistikoetan 31.589 bisitarik hartu zuten ostatu abuztuan, eta 96.710 gau igaro zituzten, hau da, % 20,9ko eta % 16,1eko igoerak, hurrenez hurren, 2023ko hilabete berarekin alderatuz gero.
Ostatu horietako sarreren % 47,2 eta ostatu-gauen % 43,4 atzerriko turistek egindakoak dira, abuztuan urtebeteko % 38 eta % 28,8ko igoerak izan ondoren, hurrenez hurren.
Batez besteko egonaldia 3,06 egunekoa izan zen, 2023ko abuztukoa baino laburragoa (3,19 egun). Araban 8,02 egunekoa izan zen batez besteko egonaldia, Gipuzkoan 3,51 egunekoa eta Bizkaian 2,48 egunekoa.
Aterpetxeak
EAEko turismo-aterpetxeei dagokienez, aurtengo abuztuan, bisitariak % 15,2 areagotu ziren; guztira, 39.102 izan ziren, eta 66.323 gau pasa zituzten. Bizkaian 40.069 gau igaro zituzten, Gipuzkoan 25.002 eta Araban 1.253. Aterpetxeetako egonaldiaren batez besteko iraupena 1,70 egunekoa izan zen.
Landetxeak
Bestalde, landetxeek 25.471 bisitari hartu zituzten, % 5,4 gehiago, eta turistek 94.663 gau igaro zituzten bertan, 2023ko abuztukoan baino % 3,7 gehiago.
Aurreko urteko abuztuaren aldean % 2,1 jaitsi ondoren, bisitari atzerritarrak nekazal turismoetan % 26,4 izan dira. Gauen kasuan, atzerritarrek igarotakoak % 22,7 izan ziren; 2023ko abuztuaren aldean % 1eko igoera da hori .
Lurraldeka, Araban bisitariak % 7,4 areagotu ziren. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, % 8,6 eta % 7,3 egin zuten behera, hurrenez hurren.
Ostatu-gauei dagokienez, Gipuzkoan % 1,2 hazi ziren, Araban urte batetik bestera % 12,9 jaitsi ziren eta Bizkaian % 6,9, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak jakitera eman duenez.
Establezimendu mota horretan batez besteko egonaldia 3,72 egunekoa izan zen, 2023ko hilabete bereko 3,65 eguneko batez besteko egonaldia baino handiagoa.
Datu horiek guztiak aurreko astean Eustatek hotelei buruz eman zituenei gehitu behar zaizkie. Hotelek 426.038 turista jaso zituzten abuztuan, hau da, 2023ko hilabete berean baino % 3,6 gehiago. Horietatik erdiak baino gehiago (% 53,4) atzerritarrak izan ziren.