Ekonomia -
Arabako Errioxa
ABRAk familia-upategiak batuko dituen proiektu baten aldeko apustua egin du, jatorri-deituretatik at
Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bailarako mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreak bizi duen krisiaz ohartarazi du, upategiak itxi eta enplegua galdu dela azpimarratuz, eta sektorearen oparotasunerako bide berri bati ekin nahi dio laster aurkeztuko duen proiektuarekin.
A.A.E. | EITB Media
Arabako Errioxako Upategien Elkarteak (ABRA) ahalik eta familia-upategi gehien batzea helburu duen proiektu berri bat aurkeztuko du laster. Upategi bakoitzak zein jatorri-deiturarekin lan egiten duen alde batera utzita, "sektorearen oparotasuna bilatuko duen bide berri bati" ekin nahi dio.
Guardian irakurri duten manifestu batean, sektoreak azken urteotan izan duen "krisi larriaz" ohartarazi dute ABRAko kideek. 2015ean 358 upategi zeuden eskualdean, eta 2023an, berriz, 262. Era berean, mahastizainen kopurua % 7,7 jaitsi dela salatu dute.
Haien aburuz, egoera horretara iristeko arrazoien artean daude gazteentzako aukera falta eta errentagarritasun-tarteak murriztea. Azken urteetan ekoizpen kostuak igo direla eta mahatsaren prezioak, ostera, behera egin duela azaldu dute: 2027an 1,19 € izatetik 2022an 0,71 € izatera igaro da.
Bere ustez, Errioxako Jatorrizko Deituraren kontseilu arautzaileak ahalbidetzen duen eskala handiko ekoizpenak areagotu egin du ekoizle txikiei eragiten dien krisia eta produktuak "homogeneizatu" egin ditu.
Hala ere, proiektu berriak ez du jatorri-deitura berririk eraikitzea planteatzen. Itxaso Compañonek EITBko mikrofonoen aurrean azaldu duenez, Arabako Mahastiak sormarkaren eskaerak bere horretan jarraituko du "upategi batzuk interesatuta daudelako". Argitu du udazken honetan ekingo dioten bide berriaren helburua "mahastizaintza-lantegi txiki guztiak batzea" dela, jatorri izendapena edozein dela ere.
Alabaina, estrategia berrian ere, Arabako ardoak bereiztea bilatuko du ABRAk, "nortasuna eta berezitasuna babesteko". Arabako Errioxako ardoak benetakotasunarekin, kalitatearekin eta bikaintasunarekin erlazionatzea nahi du elkarteak. Itxaso Compañonek jakinarazi du hurrengo egunetan emango dituztela egitasmo berriaren xehetasun gehiago, baina aurreratu du proiektuari esker kontsumitzaileak argi ikusiko duela "Arabako upategi txiki bateko ardoa" daukala aurrean.