Ekonomia -
ESPAINIAKO GOBERNUA
Espainiako Gobernuak berriro onartu du gastu-muga, eta Kongresura igorri du, aurrera egiteko babesak itxi gabe
Gaur onartutako zerga-egonkortasunerako bidea Kongresuak onartuko ez balu, erkidego autonomo eta udalek euren aurrekontuak iaz ezarritako helburu eta mugen arabera adostu beharko dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2025-2027 eperako zerga-egonkortasunerako bidea onartu du, aurten bigarren aldiz, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Uztailean Juntsek, PPk eta Voxek atzera botatako gastu-muga eta defizit helburu berberak jasotzen ditu gaur onartutakoak, eta jada Kongresuaren esku dago dokumentua. Oraingo honetan ere, ez dago bermatuta Behe Ganberan aurrera egitea.
Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak azaldu du "hobetzeko oso zaila den zerga-egonkortasunerako bidea" onartu dutela, "erkidegoek eta udalek zerbitzuak finantzatzeko marjina fiskal zabalagoa" eskaintzen diena.
Ohartarazi duenez, "PPk edota beste talderen batek proposamen honen kontra bozkatuz gero, hurrengo bi urteotan erkidegoak eta udalak behartuta egongo lirateke aurrekontuetan doikuntza egitera; 6.600 milioi eurokoak, erkidegoak, eta 4.950 milioi eurokoak, udalak".
2025eko aurrekontu orokorrak onartu aurreko urratsa da gastu-sabaia eta defizit-muga onartzea. Kongresuak azken horiek ontzat eman ezean, datorren urterako prestatzen ari den kontuen proposamena aurkeztuko duela esan du Monterok.
Astearte honetan onartutako zerga-egonkortasunerako bidea uztailean atzera botatakoaren berdina da, eta defizit publikoa jaistea aurreikusten du: 2025ean BPGaren % 2,5era, 2026an % 2,1era eta 2027an % 1,8ra.
Datorren urterako, bestalde, 195.353 milioi euroko gastu-muga ezartzen da, aurrekoan baino % 3,2 gehiago. Kopuru hori 199.171 milioi euroraino igoko litzateke, Europako funtsetatik jasotzea espero den 3.818 milioi euro batuta.