Ekonomia -

Epai irmoa

EBko Auzitegiak 13.000 milioitik gorako isuna berretsi dio Appleri, Irlandan izandako abantaila fiskalengatik

Luxenburgon egoitza duen epaimahaiak behin betiko ebatzi du auzia, eta arrazoia eman dio Europako Batzordeari; izan ere, 2016an ondorioztatu zuen multinazionalak tratu fiskal berezia jaso zuela 1991 eta 2014 urteen artean.

Appleren gailuak. Argazkia: Pexels.
Appleren gailuak
Appleren gailuak. Argazkia: Pexels.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berretsi egin du Apple multinazionalak 13.000 milioi euro baino gehiago itzuli behar dituela Irlandan, herrialde horretan legez kanpoko laguntza fiskalak jaso dituelako.

Luxenburgon egoitza duen epaimahaiak behin betiko ebatzi du auzia, eta arrazoia eman dio Europako Batzordeari; izan ere, 2016an ondorioztatu zuen multinazionalak tratu fiskal selektiboa jaso zuela 1991 eta 2014 urteen artean, eta, horri esker, AEBeko enpresak behar baino zerga gutxiago ordaindu zituela.

Horrela, gaurko epaiak, zeinaren aurrean ezin baita errekurtsorik jarri, baliogabetu egiten du EBko Auzitegi Orokorrak 2020an lehen auzialdian emandako epaia. Orduan ondorioztatu zen Erkidegoko zerbitzuek ez zutela behar bezala frogatu enpresa horien aldeko abantaila selektiborik zegoela.

Auzia 2016an abiatu zen, Europar Batasuneko Gobernuak ondorioztatu baitzuen orduan Irlandak aldeko tratua eman ziola multinazionalari, eta, horri esker, beste enpresa batzuek baino "zerga askoz gutxiago" ordaindu zituela, Europako lehia-arauek debekatutako "abantaila selektibo" bati esker.

Zehazki, Irlandako Zerga Agentziak 1991n eta 2007an Apple Sales International eta Apple Operations Europe enpresen alde emandako bi ebazpen fiskal aipatzen ditu, biek Irlandako beren sukurtsalei onurak esleitzeko erabilitako metodoak bermatzen dituztenak.

Ebazpen horiek 1991tik 2014ra bitartean egon ziren indarrean, baina Europako Batzordeak lehen informazio-eskaera egin baino hamar urte lehenago bakarrik agindu ahal izan zuen ordaindu gabeko dirua berreskuratzea (2013an egin zen eskaera).

Auzitegiaren kalkuluen arabera, ordaindu gabeko zergak 13.000 milioi eurokoak izan ziren 2003tik, eta interesakgehitu behar zaizkio. Irlandak funts batean blokeatuta ditu Applek 2018an gordailututako 14.300 milioiak (13.100 milioi zergetan ordaindu gabekoak eta 1.200 milioi interesengatik).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Irlanda