Ekonomia -
LANALDIA
Lan Ministerioak kontratazioan hobariak proposatu dizkie enpresa txiki eta ertainei, lan-astea murritz dezaten
Uda ostean egindako lehen bileran akordiora biltzeko proposamena egin dio Ministerioak patronalari. Estatuko Lan Idazkaritzaren arduradunaren ahotan, erantzun "positiboa" eman dute alde guztiek, eta akordioa erdietsiko dutelakoan dago gobernua.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lan-astea 37,5 ordura murrizteko negoziazioei berrekin diete gaur Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek. Lan eta Ekonomia Sozialerako Ministerioak proposamen zehatza egin die aldeei, eta enpresa txiki eta ertainei hobariak eskaini dizkie egiten dituzten kontratazioetan, asteako lanaldia murritz dezaten.
Uda osteko lehen batzarra izan dute aldeek (Ministerioko ordezkariak, CCOO eta UGT sindikatuetako eta Cepyme eta CEOE patronaletako kideek). Batzarraren ondotik agerraldia egin du Joaquin Perez Rey Estatuko Lan Idazkaritzaren arduradunak, egindako proposamena azaltzeko.
"Hobariak emango dizkiegu enpresei, lanaldia murrizteagatik libre utzitako denbora betetzeko egiten dituzten kontratazioengatik", azaldu du. Proposamena ez da "itxia", eta aldeei ekarpenak egiteko galdegin die.
Dena dela, Ministerioaren hautua hori dela adierazi du. Izan ere, "lanaldia murriztuta, beharginen produktibitatea eta ongizatea hobetzeaz gain, enplegua sortuko dugu", argudiatu du.
Planak Pyme 375 du izena (lanaldia 40 ordutik 37,5 ordura jaistea da asmoa, eta hortik doakio deitura), eta aipatu hobariak ez ezik, aholkularitza eta trebakuntza neurriak ere ditu barne.
Azken helburua da, azpimarratu duenez, lan-astearen murrizketa "demokratizatzea". Gogora ekarri duenez, neurria indarrean dago funtzionarioen eta enpresa handi askoren beharginen artean.
Perezen hitzetan, aldeen erantzuna "positiboa" izan da, eta aurki akordioa itxiko dutelakoan dago.
Bestalde, CEOE patronalak aurreratu du proposamenak lan-harremanen "interbentzionismoa" eta negoziazio kolektiboaren "mespretxua" larriagotzen duela.
Patronalaren ustez, dagoeneko bulegoak, aholkularitza-enpresak eta horretarako kualifikatutako enpresak daude.
Bestalde, kritikatu dute ETE-ei laguntzeko plan "zehaztugabe" bat jartzen dela mahai gainean.