Ekonomia -

TXOSTENA

Draghik ohartarazi du EBk inbertsio masiboak behar dituela, Txinarekiko eta AEBkiko arrakalari aurre egiteko

EBren lehiakortasunari buruzko txostena egin du Draghik, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eskatuta. Europako ekonomiak "eraldaketa hirukoitza" behar duela dio Draghik, baldin eta lehiakorra izan nahi badu.

Madrio Draghi, artxiboko irudi batean. Argakia: EFE
Madrio Draghi, artxiboko irudi batean.
Madrio Draghi, artxiboko irudi batean. Argakia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrikuntza azkartu, energia merketu deskarbonizazioari uko egin gabe eta mendekotasun estrategikoak murriztu, tartean defentsa alorrekoa. Hiru gai horietan eraldaketa premiazkoa da, Europaren ekonomia lehiakorra izan dadin Txina eta Estatu Batuen gisako potentzien aurrean. Ondorio hori atera du Mario Draghi Italiako lehen ministro ohi eta Europako Banku Zentraleko presidente ere izandakoak, Europar Batasunaren ekonomiaren lehiakortasunari buruz egin duen azterketan.

Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak eskatuta egin du txostena Draghik, eta gaur aurkeztu du hedabideen aurrean. Besteak beste, esan du EBk 750.000-800.000 milioi euroko inbertsioak behar dituela, Txinarekin eta Estatu Batuekin lehiatzeko aukera izateko. Inbertsioen bidez, "Europako estrategia industrial berria" proposatu du aditu italiarrak: EBko kideen arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzea aholkatzen du interes orokorrekoak diren gaietan, eta politika industrialak eta komertzialak koordinatzea.

Draghik uste du "erronka existentzial" bat duela parez pare EBk: produktibitatea eta hazkunde ekonomikoa handitzea. Hori egin ezean, atzean geratuko da Europa, eta ezingo ditu bere helburuak bete ez maila ekonomikoan ezta sozialean ere. "Eraginkorragoa izateko modu bakarra da norabidea goitik behera aldatzea", esan du.

Azken bi hamarkadotan Europaren hazkundea "nabarmen moteldu" dela dio txostenak, eta ondorioz, Txinako eta AEBko ekonomiekiko aldea nabarmen handitzen ari dela.

Errezeta jakinik zehazten ez badu ere, urtean Barne Produktu Gordinak 5 puntu gora egin eta 60-70 hamarkadetako mailara iristea da Draghik aholkatzen duena, lehiakortasunari eusteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua Europako Banku Zentrala