Ekonomia -

Iruñea

Iruñeko Alde Zaharrean apartamentu turistikoen lizentzia gehiago ez ematea erabaki dute

Iruñeko Udaleko EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek auzoaren bizitegi eredua babestu, bere ehun komertziala defendatu eta 2030erako Hiri Agendan azaldutakoaren ildotik turismo eredu jasangarri bat bultzatu nahi dute.

Gaztelu plaza, Iruñea. Argazkia: Nieves Urmeneta.
Gaztelu plaza, Iruñea. Argazkia: Nieves Urmeneta.
Gaztelu plaza, Iruñea. Argazkia: Nieves Urmeneta.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udaleko EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek ekimen arauemaile bat abian jartzea adostu dute, hiriko Alde Zaharrean apartamentu turistikoen lizentzia gehiago ez emateko.

"Prebentziozko hirigintza-aldaketa" gisa definitutako akordio honek auzoaren bizitegi eredua babestu nahi du, horren ehun komertziala defendatu eta turismo eredu jasangarri bat bultzatu, 2030eko Hiri Agendan azaldutakoaren ildotik, talde horiek elkarrekin egindako ohar batean azaldu dutenez.

Gaur egun horrelako 186 apartamentu daude, auzoko etxebizitza guztien % 2,8 eta hiri osoan dauden 337 pisu turistikoen erdia baino gehiago (% 55). Azken bost urteetan bakarrik, 90 pisu turistiko berri ezarri dituzte eta 21 eskaera daude une honetan mahai gainean. 

Akordioaren oinarri den dokumentuan ohartarazi dutenez, "apartamentu turistikoen proportzioa etxebizitza iraunkorreko eskaintzarekiko altuegia denean, tentsionamentua gertatzen da, batez ere alokairuko merkatuan, eta baita etxebizitzaren prezioen igoera ere". 

Etxebizitza Eskuragarriaren Planaren eranskina

Lau taldeek 2023ko abenduko akordioetan bultzatutako Etxebizitza Eskuragarriaren Udal Planean jasotzen dira halako bizitokien ugaritzeak higiezinen merkatuan dituen ondorio negatiboak kontrolatzeko bideak. Izan ere, "jarduera ekonomiko horrek hirian izan dezakeen eragina minimizatu nahi da, bereziki tokiko higiezinen merkatuan, eta, hirigintza-plangintzaren bidez, beste hiri batzuetan gertatzen ari diren moduko egoerak saihestu".

Horren eragin negatigoen artean, hauek nabarmendu dituzte: "salmentan zein alokairuan dauden etxebizitzen prezioen garestitzea, ohiko eta hurbileko merkataritzaren sektoreak jasaten dituen zailtasunen larriagotzea eta hirigune historikoen identitatearen galera".

Urtea amaitu baino lehen onartzea helburu

Lau indarren artean lortutako akordioak neurri hori eztabaidatzeko eta onartzeko bide-orria ere jasotzen du. Horren arabera, datorren astelehenean onartuko da Tokiko Gobernu Batzarrean akordioaren oinarri den dokumentua, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Plangintza Zerbitzuak egindako proposamena.

Izapide hori bete ondoren, erabakia NAOn argitaratuko da, eta jendaurrean jartzeko aldia irekiko da.

Horren ondoren, alegazioak egiteko aldia irekiko da, dokumentua Hirigintza Batzordean eztabaidatu aurretik. Aurreikuspenen arabera, urtea amaitu baino lehen onartuko da Osoko Bilkuran PEPRIren aldaketa.

Hirigintza-aldaketa horrek ez die gainerako turismo-ostatuei eragingo, eta, beraz, hotelek, ostatuek, pentsioek eta aterpetxeek egungo araudia izaten jarraituko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Iruñeko Alde Zaharra