Ekonomia -
Bankuak
EBZk argi berdea eman dio BBVAk Sabadell erosteko eskaintza publikoari
BBVAk Sabadell bankua erosteko eskaintza oldarkorra aurkeztu zuen maiatzean.
AGENTZIAK | EITB Media
Europako Banku Zentralak (EBZ) jakinarazi du ez duela eragotziko BBVAk Sabadell bankua erosteko egindako eskaintza publikoa, operazioari argi berdea emanda.
EBZrena zen, hain justu, BBVAk lortu behar zuen oniritzi garrantzitsuenetako bat. Gainera, asteon bertan, Erresuma Batuko erakunde erregulatzaileek ere onartu dute BBVAk TSB filiala kontrolatzea.
Erabakia ez da ezustekoa izan merkatuentzat; izan ere, EBZk operazioaren bideragarritasuna baino ez du aztertzen. Hau da, BBVAk aurkeztutako proiektuak kapital eta likidezia nahikoa izango dituen, horiek epe luzera mantentzeko gai izango den eta mozkinak lortzeko gaitasuna izango duen baino ez du ikertu europar erakundeak.
EBZren baiezkoa eskuetan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) operazioa baimendu dezake jada, eta BBVAk eskaintza onartzeko epea (15-70 egun) ireki ahalko dio Sabadelli. Dena dela, praktikan, CNMVk ez du salmentarik baimentzen Merkatu eta Lehia Batzorde Nazionalak (CNMC) ere onespena eman baino lehen, eta hori ez da oraindik gertatu.
Maiatzean, BBVAk Sabadellen % 100a erosteko eskaintza oldarkorra aurkeztu zuen, banku kataluniarrak ezezkoa eman baitzion salmenta adosteari. Harrezkero, Sabadellek egoitzak dituen herrialde guztietako Lehia batzordeen oniritzia jaso du Carlos Torres presidente duen bankuak.
Hain zuzen ere, BBVAk akzio bat eskaintzen die Sabadellen akziodunei, banku horretako 4,83 titulu bakoitzeko.