Ekonomia -
Euskal ekonomia
Eusko Jaurlaritzak % 1,9ko hazkunde ekonomikoa espero du aurten, eta % 2,1ekoa 2025erako
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia sailburuak adierazi duenez, datu horiek "euroguneko aurreikuspenak gainditzen dituzte" eta Europako funtsak berreskuratze horretan pizgarri izaten ari direla azaldu du.
Agentziak | EITB Media
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak % 1,9ko hazkunde ekonomikoa espero du aurten EAEn eta % 2,1ekoa 2025erako. Nabarmendu duenez, datu horiek "nabarmen gainditzen dituzte eurogune osorako egin diren aurreikuspenak".
Mikel Torresek Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) egin duen Memoria Ekonomikoaren txostenaren emaitzak aurkeztu ditu Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroen esparruan. Bere hitzetan, hazkunde ekonomikoaren helburuak lortzeko "ezinbestekoa izango da euskal ekonomiak une hauetan duen hazkundearen -% 1,8koa da- erritmoari eustea".
Ekonomia sailburuak adierazi duenez, aurreikuspenen arabera, erritmo hori "mantendu egingo da, edo are gehiago bizkortu daiteke, aurtengo azken txanpan eta datorren urtean zehar, inflazioaren kontrolak eta interes-tasen jaitsierak euskal enpresek eta etxeek jasaten dituzten kostuen eta prezioen tentsioak arintzen dituzten heinean".
Europako funtsak
Era berean, Mikel Torresek azpimarratu nahi izan du Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Europako Mekanismoaren funtsek garrantzi handia izango dutela ekonomia- eta enplegu-politikak garatzeko. "Europako funtsek eragin positiboa izan dute txosten honetan islatzen diren jarduera-mailetan eta datu makroekonomikoetan, batez ere Europako batez bestekoarekin alderatzen badugu. Zalantzarik gabe, Europako funtsen pizgarria elementu garrantzitsua izaten ari da berreskuratze horretan", ziurtatu du.
2024ko lehen seihilekoan, funts horietatik 2.500 milioi euro EAEri esleitu zitzaizkion, erdia autonomia-erkidegoen kudeaketapean, eta azken horietatik % 75 jada indarrean dauden edo amaituta dauden proiektuetara bideratuta.
Azkenik, Torresek azpimarratu du garrantzitsua dela gizarte-eragileek Memoria Sozioekonomikoa egiten parte hartzea. Politika ekonomikoek "hazkundea eragin behar dute, baina baita kohesio soziala ere, aberastasun justuaren banaketa bermatu eta desberdintasun sozialak murriztu".