Ekonomia -
Erregaiak
Erregaien prezioak behera egin du berriz, gasolioa urteko baxuenean utziz
Gasolioaren prezioa 1,437 eurotan eta gasolinarena 1,565 eurotan jarri da aste honetan. Bi erregaien kostua iaz garai berean zeukatena baino merkeagoa da.
Agencias | EITB Media
Espainiako Estatuko erregaien prezioak behera egin du berriro aste honetan, inflazioaren beherakada eraginez. Ondorioz, diesela urteko preziorik baxuenetan eta gasolina otsailetik izan duen gutxieneko kostuan ezarri dira.
Hain zuzen ere, gasolioaren litroa 1,437 eurotan saldu da aste honetan. Aurreko asteko 1,453 euroen aldean % 1,1 jaitsi da, eta, horrela, seigarren jaitsiera izan du jarraian, 2023ko uztailaren hasieratik izandako mailarik baxuenean kokatuz.
Gasolinari dagokionez, batez besteko prezioak % 1,13 egin du behera, 1,565 eurora arte. Segidako zazpigarren beherakada da, eta otsailaren hasieratik izan duen mailarik baxuena harrapatu du.
Erregaiek uztailean ekin zioten jaitsierako bide horri, oporraldiarekin batera, urte osoan zehar errepidez joan-etorri gehien egiten diren garaian.
Iaz baino merkeago
Egungo prezioekin, 55 litroko bataz besteko diesel depositu bat betetzeak 79 euro inguruko kostua du, iaz baino 9,6 euro gutxiago, orduan 88,6 euro ingurukoa baitzen. Alegia, gasolioaren batez besteko prezioa 2023 urteko aste berean baino % 10,8 merkeagoa da orain.
Gasolinaz mugitzen diren ibilgailuetarako, batez besteko gordailu bat betetzeko (55 litro), 86 euro inguru ordaindu behar dira, iazko aste berean baino 8,6 euro ( % 9) gutxiago.
Bi zenbai hauek Errusiak Ukraina inbaditu aurretik (2022ko otsailaren 24an) zeuden mailen azpitik daude, orduan gasolioaren litroa 1,479an baitzegoen eta gasolinarena 1,591 euroan. Inbasioaren ondoern sortutako ziurgabetasunak eta krisiak produktu energetikoen prezioen igoera ekarri zuen, baita erregaiena ere, eta urte hartako uztailean maximo historikoetara iritsi ziren: 2,1 euro balio zuen dieselaren litro bakoitzak eta 2,141 euro gasolinarenak.
Erregaien prezioa hainbat faktoreren araberakoa da; kotizazio espezifikoa (petrolioarenetik bereizia), petrolioaren bilakaera, zergak, lehengaiaren eta logistikaren kostua eta marjina gordinak hartzen dira kontuan. Gainera, petrolioaren kotizazioaren bilakaera ez da zuzenean erregaien prezioetara eramaten, aldi bateko tartea izan ohi du.