Ekonomia -

Garraioa

Ganz Mavag taldeak Talgoren gaineko EEPa erretiratu du, baina helegitea jarriko duela iragarri du

Konpainiak bi hilabeteko epea du Auzitegi Gorenean izapideak hasteko. Uste du betoak "defentsa-gabezia" eragiten duela, eta, beraz, kalte-ordaina eskatuko du eragindako galerengatik.

Talgo enpresaren egoitza. Argazkia: EFE.
Talgo enpresaren egoitza. Argazkia: EFE.
Talgo enpresaren egoitza. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ganz Mavag (Magyar Vagon) Hungariako enpresa taldeak Talgoren enpresaren % 100 erosteko egin zuen 620 milioi euroko EEPa kendu du, asteartean Espainiako Gobernuak eskaintzari betoa jarri ostean. Aldi berean, ordea, betoaren aurka Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan errekurtsoa jartzeko asmoa agertu du.

Konpainiaren iritziz, Ministroen Kontseiluaren erabakiak "ez du inolako motibaziorik, eta eskaintzaileari erabateko babesgabetasuna eragiten dio". Hori dela eta "haren deuseztasuna eta eragindako kalte-galera guztien ordaina" eskatuko du Gorenean. 

Taldeak adierazi duenez, Talgoren gaineko EEPak "indarrean dauden lege-baldintza guztiak betetzen ditu, eta Espainiako Gobernuak ez dauka aurka egiteko arrazoi funtsaturik". Beraz, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi dio "eskura dituen lege-ekintza guztiak" abiarazteko asmoa duela, "bai maila nazionalean, bai Europar Batasunean".

Talgok Rivabellosan (Araba) du lantegi nagusia, eta 700 pertsonak egiten dute lan bertan. Langileek Industria Plan bat eskatu dute aste honetan, bizi duten "ziurgabetasunaren" aurrean. Enpresak 2030. urtera arte du sinatutako lan-karga, baina hori gauzatu ahal izateko beharrezko azpiegitura behar du.

Pedro Sanchezen Gobernuak talde hungariarraren sarrerari betoa jarri zion joan den asteartean, interes estrategikoak eta segurtasun nazionaleko arrazoi "gaindiezinak" zeudela iritzita. Hasiera batean, enpresa-taldeak erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen, bai Espainian, bai Bruselan.

Bruselaren babesa

Aitzitik, Europako Batzordeak ostegunean esan zuen eskaintza atzera botatzeko edo onartzeko erabakia Espainiari dagokiola, eta ez dela beharrezkoa herrialdeak Bruselari jakinaraztea. "Erabaki horien eskumena estatu kideena da. Ez dugu iruzkin zehatzik ", adierazi zuen Francesca Dalboni bozeramaileak prentsaurrekoan.

Dalbonik gogorarazi zuen Europako legediak Europar Batasuneko (EB) zirkulazio askea "murrizteko" aukera ematen diela estatu kideei, segurtasun publikoko arrazoiak oinarri hartuta, nahiz eta hartutako neurriak "justifikatuak eta proportzionatuak" izan behar diren.

Ganz Mavagek EEPa atzera bota ondoren, Skoda enpresa txekiarra da Talgorekin interesa duen bakarra, betiere zuzendaritzak onartzen badu. Izan ere, konpainiak bi aldiz errefusatu du eskaintza, Skodak ez baitzuen kapitala kontrolatzeko asmorik. Talgoren akziodun nagusiek, berriz, akzioak saldu nahi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria