Ekonomia -
Zerga-bilketa
EAEko hiru ogasunen bilketa bateratua % 1 baino ez da hazi, mutualistei itzulitako diruagatik
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek pentsioetan izandako atxikipenak itzuli behar izan dituzte, Gorenaren epai baten ondorioz. Gainera, BEZaren bilketa jaitsi egin da.
Agentziak | EITB Media
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen zerga-bilketa bateratua % 1 baino ez da hazi, mutualistei egindako itzulketek eragin handia izan baitute. Uztailera arte, hiru ogasunen diru-bilketen batura 10.189,5 milioi eurokoa izan da.
Auzitegi Gorenak pentsioetan izandako atxikipenak berreskuratzeko eskubidea aitortu zien mutualistei, 1979ra arte egindako ekarpenak kontuan ez hartzeagatik. Itzulitako diruaren ondorioz, beraz, bilketa % 1,6 murriztu da Gipuzkoan eta berdin geratu da Araban.
Joan den hilean, bilketa metatua aurreko urtekoa baino % 4,2 handiagoa izan zenean, aldundiek "zuhurtzia" eskatu zuten, hurrengo hilabeteetako datuei eragingo baitzieten mutualistei itzuli beharrekoak.
Gainera, BEZaren bilketa iazko aldi berean metatutakoa baino txikiagoa izan da. % 8,6 jaitsi da Bizkaian, eta % 7,3 Araban eta Gipuzkoan.
Kopuru absolutuetan, uztailera arte 108,7 milioi euro gehiago bildu dira.
Gorakada Bizkaian
Araban eta Gipuzkoan ez bezala, diru-bilketa igo egin da Bizkaian. 6.207,6 milioi eurora iritsi da bildutako kopurua, iaz baino % 2,5 gehiago.
Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, lanaren eta kapital higigarriaren atxikipenen bilakaera positiboak itzulketak konpentsatu ditu.