Ekonomia -
Azpiegiturak
Baionako Ingurumen Auzitegiak Gatika-Bordele tentsio handiko linearen lanak gelditzea erabaki du
Landetan egiten ari ziren obrek itsasoko ugaztunei eragiten dietela salatu zuten elkarte ekologistek, eta epaileak arrazoi eman die. Beraz, lau hilabetez geldirik egon beharko dute lanek. Hala ere, erabakiak ez die Hego Euskal Herriko lanei eragiten.
EITB Media
Baionako Inguramen Auzitegiak arrazoia eman die ingurumenaren aldeko hiru mugimenduk Gatika-Bordele itsaspeko argindar kablearen egitasmoa eteteko egindako eskaerari. Horrela, Auzitegiak erabaki du Gatika eta Bordele arteko tentsio handiko linearen lanak gelditu egin behar direla.
Landetan egiten ari ziren obrek itsasoko ugaztunei eragiten dietela salatu zuten elkarte ekologistek, eta epaileak arrazoi eman die. Auzitegiak frogatutzat jo du ur azpiko lan horietan erabiltzen ari diren sonarrek izurdeak eta bestelako ugaztunak kaltetzen dituztela.
Beraz, lau hilabetez geldirik egon beharko dute lanek. Bitartean, eraikuntza enpresak hainbat hobekuntza eta ikerketa egin beharko ditu, bestela isuna jaso dezakeelako.
Hala ere, erabakiak ez die Hego Euskal Herriko lanei eragiten, baina obren bukaera data atzera dezake. Enpresak helegitea aurkezteko aukera du. Elkarte ekologistak pozik agertu dira auzitegiaren erabakiarekin.
Interkonexioaren zifrak
Espainia eta Frantzia Bizkaiko Golkotik lotzen dituen lotune hau bi estatuen arteko lehen itsaspeko interkonexio elektrikoa da, eta Frantziarekiko interkonexio-ahalmena handituko du egungo 2800 MW-etatik 5000 MW-ra.
Konexioak 400 kilometroko luzera du Gatikako azpi-estazioaren eta Cubnezaiseko azpi-estazioaren artean (Bordeletik gertu), eta gutxi gorabehera 1750 milioi euroko aurrekontua du.
Lau kablez osatua egongo da, lotune bakoitzeko bina kable, korronte zuzenean eta 2x1000 megawatteko edukierarekin. Lur-tartearen luzera 13 km-koa izango da Bizkaian eta 80 km-koa Frantzian.
Interkonexio elektriko berria 'Interes Bateratuko Proiektua' (PIC) izendatu zuten Europako Batzordeak eta Parlamentuak 2013ko urriaren 14an, energia-azpiegiturei buruzko Europako erregelamenduaren esparruan.