Ekonomia -
Lana
Cementos Rezolako EEEak Añorgako lantegiko 56 langileri eragingo die azkenean
Akordiorik gabe amaitu da sindikatuekin akordioa bilatzeko epea. Neurri sozialetara jo dute 56 lagunetako 52k, eta soilik lau kaleratuko dituzte behartuta.
agentziak | eitb media
Heidelberg Materialsek Gipuzkoako Gizarte Segurantzari jakinarazi dio egikaritu egingo duela Añorgako Cementos Rezolaren lantegiko Enplegua Erregulatzeko Espedientea, ikatzaren erabilera bertan behera uzteko egingo duena, langileen ordezkariekin akordioa bilatzeko epea itunik gabe amaitu ostean.
Konpainiak azaldu du espedienteak eragingo dien 56 langileetako (plantillaren erdia) 52k neurri sozialak onartu dituztela, eta soilik lau direla behartuta kaleratuko dituztenak.
Horren harira, Heidelberg Materialsek adierazi du egitasmo sozialarekin bat egiten duten langileei eskainitako baldintzei eustea erabaki duela negoziazio epea akordiorik gabe amaitu den arren.
Horregatik, behartuta kaleratutako lau langileek ere bat egin ahal izango dute "enpresak eskaintzen duen kanpo birkokapen 'premium' programarekin, langile guztiek kontratu egonkorra lortu arte indarrean egongo dena".
Erregulazio espedienteak kaltetutako 56 beharginetatik, 16k aurre-erretiroa hartu dute, 26k kalte-ordaina jaso dute eta birkokapen programan sartu dira (horietako 8 54 urtetik gorakoak), eta 10ek Arrigorriagara joatea onartu dute.
Ikatzaren erabilera uzteko eta industria eraldatzeko 2024-2026 egitasmoa amaitu ostean, enpresak 10-12 lanpostu berri sortzea aurreikusi du Añorgako lantegian.