Ekonomia -

Erretiroa

Sindikatuekin eta patronalarekin pentsioen inguruko akordioa iragarri du Sanchezek

Espainiako gobernuburuaren arabera, pertsona bakoitzari egokitutako erretiro "malgu" baterako trantsizioa bermatuko du akordioak.

Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean
Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek —sindikatuak eta patronala— akordioa lortu dute pentsioen alorrean, Pedro Sanchez gobernuburuak lan-urte politikoaren balantzea egiteko agerraldian aurreratu duenez.

Sanchezen arabera, lorturiko akordioak pertsona bakoitzari egokitutako erretiro "malgu" baterako trantsizioa bermatuko du, pentsioa eta lanaren arteko uztartzea hobetzearekin batera.

Gainera, Sanchezen ustez, mutualitateen baliabideak hobeto aprobetxatzea ahalbidetuko du, eta lanbide "bereziki gogor eta arriskutsuetan" erretirorako sarbidea arautzearekin batera.

"Oso akordio positiboa" dela dio Sanchezek, pentsioen sistema publikoa "indartzen" duela eta milioika langile eta pentsiodunentzat "bidezkoagoa" izango dela iritzita.

CEOE patronalaren Batzorde Exekutiboak akordioa berretsi du gaur goizean egin duen bileran. 

CCOOk nabarmendu duenez, akordioak jasotzen ditu erretiro partzialerako irizpide berriak, lan "neketsuetarako" erretiro aurreratua hartzeko araudi berria, eta lana eta pentsioa bateragarri egiteko "pizgarri berriak".

UGTren arabera, itunak erretiroa atzeratzeko pizgarriak hobetzen ditu, eta, aldi berean, kotizazio osoa izateko baldintza kendu eta lanarekin bateragarriak diren pentsioen ehunekoak hobetzen ditu.

Erretiroa bost urte atzeratzen duten pentsiodunek % 100a kobratuko dute

Erretiro partziala eta erretiro aktiboa (lana eta pentsioa bateragarri egiteko) malgutzeko eta erakargarriagoa egiteko akordioa sinatu dute Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek. Halaber, lanbide "gogor" eta "arriskutsuetan" erretiro adina murrizteko irizpideak ezartzeko adostasuna lortu dute.

Pentsioen erreformarako lorturiko akordioaren arabera, pentsioa eta lana bateratzeko irizpideak aldatu dira, eta esaterako, erretiro adina igaro eta bost urtera lanean jarraitzen duenak pentsioaren % 100 jaso ahal izango du.

Espainiako Gobernuak eta sindikatuek aurreratutako informazioak dioenez, hauek dira erretiro adina izan arren lanean jarraituko dutenek jasoko duten pentsioaren portzentajea: urtebetera, pentsioaren % 45; bi urtera, % 55; hiru urtera, % 65; lau urtera, % 80, eta bost urtetik aurrera, % 100.

Erretiro partzialaren kasuan aukera hori aurreratzea adostu dute. Baldintza jakin batzuk beteta, ohiko erretiro adina baino hiru urte lehenago izango da horretarako aukera, hortaz, urtebete aurreratuko da. 

Itunak erretiroa atzeratzeko pizgarriak hobetzen ditu, eta, kotizazio osoa izateko baldintza desagertuko da. Era berean, erretiro adina atzeratzen den seihileko bakoitzeko, horrela erabakitzen duen langileak % 2ko pentsio igoera izango du.

Bestalde, errelebo kontratua eskatzeko adina urtebete aurreratuko da: 63tik 62ra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Pedro Sánchez albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Sindikatuen albistea Pentsioei buruzko albisteak Enpresaburuak