Ekonomia -
Inflazioa
KPIa % 2,8an kokatu da uztailean, sei hamarren behera eginda, argindarraren eta elikagaien merkatzea tarteko
Bestalde, azpiko inflazioa bi hamarren jaitsi da uztailean, % 2,8raino.
O. A. | EITB Media
Kontsumoko Prezioen Indizearen urte arteko tasa % 2,8an kokatu da uztailean, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, sei hamarren behera eginda, argindarra eta elikagaiak merkatu egin direlako.
Urte arteko inflazioak gora egiten jarraitzen badu ere, igoera hori moteldu egin da azken hilabeteetan. Joera horren atzean bi arrazoi nagusi daude: batetik, argindarraren prezioa iazko uztailean baino baxuagoa dela; bestetik, elikagaiak iazko hilabete berean garestitu egin zirela aurten merkatu egin diren bitartean.
Maiatzean KPIaren urte arteko tasa % 3,6an kokatu zen eta ondorengo bi hilabeteetan apaldu egin da: % 3,4raino ekainean eta % 2,8raino uztailean.
Ekainetik uztailera, berriz, prezioak bost hamarren merkatu dira. Iragan azarotik lehen aldia da hilabeteko tasa murrizten dena.
Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, bi hamarren jaitsi da uztailean, % 2,8raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta.
Uztaileko datu aurreratua abuztuaren 13an baieztatuko du Espainiako Estatistika Institutuak.