Ekonomia -
OGASUNA
Gipuzkoako Aldundiak 145 milioi itzuli dizkie lan mutualitateetan kotizatu zuten 46.000 pentsiodunei
Egindako erreklamazioa aztertu eta emaitza itzultzekoa izan bada, kaltetutako pentsidunek dagoeneko jaso dutela dagokion dirua azaldu du Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak 145,4 milioi euro itzuli dizkie 1979 baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten 46.000 pentsioduni 2023ko Errenta kanpainan. Orotara, 163.886 erreklamazio ebatzi ditu Gipuzkoako Ogasunak. Jasotako eskari guztien % 70 da hori.
Auzitegi Gorenaren epaiak aintzat hartuta, Zergabidea plataformaren bidez edota Ogasuneko bulegoetan aurkeztutako erreklamazioen emaitza itzultzea izan bada, eskatzaileek dagokien dirua jaso dute dagoeneko. Aldiz, jasotako eskarietan zuzenketaren bat aplikatu bada, datozen egunotan jakinaraziko zaie kaltetuei informazioa, egindako kalkuluen emaitzarekin.
Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatua eta Irune Berasaluze Foru Gobernuko bozeramailea hedabideen aurrean agertu dira, Gobernu Kontseiluaren ostean. Peronak publikoki eskertu du "Ogasun eta Finantzetako eta IZFEko profesionalek egin duten eta egiten ari diren lana, bi astetan eskabideen % 70 erantzuteko gai izan baitira".
Gainerako eskaerei dagokienez —20.000 inguru—, Ogasun eta Finantzetako diputatuak adierazi du "Aldundiak lanean jarraitzen duela eskaera guztiei erantzun ahal izateko". Ildo horretan, azaldu du "kasu horiek banan-banan" berrikusiko direla, "kasuistika ezberdinak baitaude". Lasaitasunerako deia egin dio kolektibo horri, "gure helburua baita dena ebatzita edukitzea urtea amaitu baino lehen".