Ekonomia -

FINANTZA ERAKUNDEAK

Banco Sabadellek 791 milioi irabazi ditu eta dibidenduak % 21 handituko ditu, BBVAren eskaintza betean

Finantza erakunde kataluniarrak iragarri duenez, urrian akzioko 0,08 banatuko dituela, iazko hilabete berean ordaindutakoa baino ia hiru aldiz gehiago. 2010etik akziodunen artean egingo den diru banaketarik handiena izango da.

Artxiboko irudia
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBVAk Banco Sabadell Erosteko Eskaintza Publiko (EEP) oldarkorra egin eta bi hilabetera, finantza erakunde kataluniarrak jakitera eman du 791 milioi euroko irabaziak izan dituela urteko lehen seihilekoan, iaz ordu berean baino % 40,03 gehiago.

Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari helarazitako oharrean eman ditu datuok Sabadellek, astearte honetan. Bertan zehazten denez, irabazien atzean bi arrazoi nagusi daude: negozioaren eta hipoteken erritmoaren hazkundea —batez ere, enpresa txiki eta ertainen finantzazioari esker— eta kreditu arriskuaren profilaren etengabeko hobekuntza.

Cesar Gonzalez-Bueno bankuaren kontseilari ordezkariak esan duenez, "azken hiru urteotan negozioak izan duen goitik beherako eraldaketaren ondorioz" izan dituzte inoizko irabazi handienak. Hala, erakundearen estrategia "emaitza onak" ematen ari dela erantsi du,  "sendo eta eraginkor" dagoela nabarmenduz.

Datuokin, Sabadellek dibenduak % 21 handituko dituela iragarri du: orotara, 2.900 milioi euro banatuko dituzt 2025ean, hasieran iragarritakoa baino 500 milioi gehiago.

Urrian akzioko 0,08 banatuko dituzte, iazko hilabete berean ordaindutakoa baino ia hiru aldiz gehiago. 2010etik akziodunen artean egingo den diru banaketarik handiena izango da. 

Burtsa

Emaitzen berri eman eta berehala, Espainiako Burtsan % 1,45eko hazkundearekin hasi du saioa Banco Sabadellek. Akzio bakoitzaren balioa 2,0226 eurora iritsi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa Europako Banku Zentrala