Ekonomia -

Abiaduara Handiko Trena

Puentek adierazi du Gasteizkoa dela aukerarik "onargarriena" AHTa Nafarroarekin lotzeko

Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak esan duenez, Ezkioren aukerak "arazo teknikoak eta operatiboak eskaintzen dizkigu".

Oscar Puente Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroa
Oscar Puente Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroa
Oscar Puente garraio Ministroa AHTaren lotuneari buruz: '''Gasteiztik egitea da onargarriena''

0:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trenak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren artean duen lotura nondik igaroko den ezezaguna da oraindik. Mahai gainean, ezagutzen diren bi aukerek jarraitzen dute: Gasteizko loturak edo Ezkiokoak. Xehetasunetan sartu gabe, gaur Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak Arabako aukeraren alde egin du, eta ziurtatu du gaur egun "aukerarik onargarriena" dela.

Ostegun honetan Iruñera egingo duten bisitan, Garraio ministroak adierazi du "lanean" jarraituko dutela AHTa Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzeko, baina onartu du Ezkio-Itsasoko loturarekin arazoak daudela.

Hala, Puentek azaldu du "zundaketa hidrogeologikoak" egitea, esaterako, ezinezkoa izan zaiela, zenbait udalek baita partikular batzuk ere horretarako baimenik ez dutelako eman, eta, horrek, lana asko zaildu diela.

Gainera, garraio ministroaren esanetan, Ezkio-Itsasoko zatian trenak bidearen puntu jakin batean "atzera" egin beharko luke zerbitzua eman ahal izateko, eta horrek, bere esanetan, "arazo teknikoak" dakartza, baita denbora arazoak ere.

Gauzak horrela, "paperaren gainean onargarriena" Gasteizko aukera dela iritzi dio Espainiako Gobernuko Garraio ministroak.

Arabako eta Gipuzkoako aldundiak, banatuta

Gauzak ondo bidean azken erabakia hilabete honen amaieran jakingo da, baina oraindik eztabaida pil-pilean dago. Puente ministroaren hitzei erantzunez, Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak ziurtatu du orain arte esandakoari eusten diotela eta Ezkio-Itsasoren aukera "herri apustu bat" dela.

Ezkio-Itsasoko konexioak Donostia eta Iruñea arteko bidea 25 minututan laburtzen zuela ziurtatu zuen Mendozak duela egun batzuk, eta paisaian ere inpaktu txikiagoa zuela lotunea Gipuzkoatik egiteko aukera.

Berasaluzek jakitera eman duenez, zain daude Jose Antonio Santano Estatuko Garraio idazkariarekin bilera bat egiteko, baina oraindik ez dute datarik.

Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak, berriz, hil honen hasieran Radio Euskadin baieztatu zuenez, inork ez die kontsultarik egiten, eta "dena airean" dagoela.

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia "oso lasai" dago, txosten teknikoek Arabako hiriburuaren aldeko apustua egingo dutela uste baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite