Ekonomia -

Etxebizitza

Alokairuko 7.000 etxebizitza publiko berri bideratuko ditu Jaurlaritzak datozen lau urteotan

3.500 bat gazteei zuzenduta egongo dira, Denis Itxaso sailburuak zehaztu duenez. Egun, tankera horretako 2.742 etxebizitza ditu Sailak, eta plaza gehiago izateko "inplikazio handiagoa" eskatu die udalei. Itxasoren ustez, "merkatua tentsionatzen duen ekaitz perfektua"ri aurre egin behar zaio.

Vivesaren etxebizitza sustapen bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Vivesaren etxebizitza sustapen bat, Bilbon.
Vivesaren etxebizitza sustapen bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak alokairuko 7.000 etxebizitza publiko berri jarriko ditu, datozen lau urteotan, herritarren eskura (erdia, gazteentzat), Denis Itxaso sailburuak iragarri duenez. 

Lehendakaria buru, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren sinatzaileen (90 bat erakundek sinatu zuten iaz) bilera izan da gaur, eta bertan izan da Itxaso Etxebizitza sailburua ere. Erakundeez gain, gizarte eragileek, 3. sektorekoek, eta sustapen eta eraikuntzaren sektoreko enpresek hartzen dute parte aipatu foroan. 

Mario Yoldi Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren zuzendariak zehaztu duenez, gaur-gaurkoz alokairu eskuragarriko 2.742 etxebizitza ditu Sailak, baina gehiago behar ditu. Horren ildoan, "inplikazio handiagoa" eskatu die udalei. Izan ere, gogorarazi duenez, Jaurlaritzak 8.000 pertsonari baino gehiagori aitortu die etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa, eta 10.000 izatera helduko direlakoan dago. Halaber, Gaztelagun programan (etxebizitza libre batengatik ordaintzen den hileko errenta pagatzeko laguntzak) 11.000 gaztek baino gehiagok jaso dituzte laguntzak.

"Etxebizitzaren arazoa belaunaldien arteko elkartasunarekin zuzen-zuzenean lotuta dago. Gure betebeharra da elkartasun horren alde lan egitea gizarte justuago batlortzeko", aldarrikatu du Imanol Pradales lehendakariak. 

Horren ildoan, udalek arlo horretan duten garrantzia azpimarratu du lehendakariak, tokiko erakundeak baitira lurzoru publikoen jabeak, eta beraz, babes ofizialeko etxebizitza kopurua handitzen "gako" izan daitezke. 

Iragarri duenez, helburua da gazteei zuzendutako 3.000 alokairu etxebizitza publiko berri sortzea, txandakako izaerarekin. 

"Ekaitz perfektua"

Bestalde, Itxaso sailburuak etxebizitza alorrean gertatzen ari den "ekaitz perfektuaz" hitz egin du. Azaldu duenez, biztanleria ez da handitu, baina bai behar den etxebizitza kopurua. Izan ere, lehen laupabost pertsona bizi ziren etxebizitza bakarrean, baina orain bizitoki unitateetan lagun bakarra ala bi daude. Horri guztiari etxebizitzen garestitzea gehitu behar zaio. 

Hala, iragarri du foro sozial iraunkor bat sortuko dutela dauden oztopoak identifikatu eta neurriak "garaiz" adosteko. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza