Ekonomia -
Enplegu publikoa
"Soldata igoera inposatzen eta negoziazioa ukatzen" duen dekretuaren aurka bozkatzea eskatu dute sindikatuek
Espainiako Gobernuak onartu asmo duen errege-dekretuaren arabera, langile publikoen soldata % 2 igoko da. ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek lan-baldintzak eta soldatak Euskal Herrian negozia daitezela aldarrikatu dute.
EITB Media
ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek langile publikoen soldata % 2 handitzea aurreikusten duen errege-dekretuaren aurka bozkatzeko eskatu diete alderdi politikoei. Horren aurrean, langileen lan-baldintzak eta soldatak Euskal Herrian negozia daitezela aldarrikatu dute.
Gaur goizean Bilbon elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan, Ministroen Kontseiluak ekainean onartutako errege-dekretuaren balorazioa egin dute.
Sindikatu horien arabera, Espainiako Gobernuak (PSOE eta Sumar) neurria "oinarrizko araudi moduan" izendatzeak eragotzi egiten du "hemen" beste soldata igoera bat negoziatzea.
Ministroen Kontseiluan onartu zenetik hilabeteko epean dekretua bozkatu behar da, onartzeko edo indargabetzeko. Testuinguru horretan, sindikatuek ez dezatela dekretua onartu eskatu diete Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei.
Halaber, langile publikoen lan-baldintzak Euskal Herrian erabaki daitezen "beharrezkoak" diren erabakiak hartzeko dei egin diete.
Gauzak horrela, alderdiekin hartu-emanetan jarri dira eta aldebiko bilerak izatera gonbidatu dituzte, euskal langile publikoen soldata Euskal Herrian erabakitzeko aukerak aurrez aurre azaltzeko. Sindikatuen esanetan, PSE-EEk eta PPk ez diote biltzeko proposamenari erantzun, baina gainerakoek onartu egin dute.