Ekonomia -
Garraioak
Gasteiz eta Miranda Ebro arteko tren zerbitzuak orduak etenda eman ditu, katenarian izandako arazo batengatik
Gutxienez, distantzia ertain eta luzeko zortzi trenetan izan du eragina eta bidaiari ugari helmugara iritsi ezinik gelditu dira. 21:40 aldera, Adifeko teknikariek katenariaren arazoa konpondu ahal izan dute, eta tren zerbitzua berrezarri dute.
EITB Media
Katenarian izandako arazo baten ondorioz, Gasteiz eta Miranda Ebro arteko tren zerbitzua gelditu behar izan da asteazken honetan. Gutxienez, EAE Madril, Salamanca, Zaragoza, Bartzelona eta Galiziarekin lotzen dituzten distantzia ertain eta luzeko zortzi trenetan eragina izan du.
21:40 aldera, Adifeko teknikariek katenariaren arazoa konpondu ahal izan dute, eta tren zerbitzua berrezarri dute.
14:30ak aldera izan da gertaera, Jundiz parean zihoan merkantzia-tren batek katenariarekin arazoak izan dituenean. Ondoren, Gasteiz eta Miranda Ebro arteko distantzia ertaineko tren bat gelditu egin da, eta 64 bidaiari autobusez ebakuatu behar izan dituzte.
Halaber, geldirik daude Donostiatik Madrilera zihoan tren bat, Madrildik Gipuzkoako hiriburura zihoan bi tren eta Miranda eta Bilbo arteko distantzia ertaineko beste bat. Arazoak beste tren batzuetan ere izan du eragina: Mirandatik Salamancara zihoanean, Mirandatik Zaragozara joan behar zuenean eta Bartzelona eta Lugo artekoan.
Alternatiba gisa, autobus zerbitzua jarri du RENFEk bidaiariek bidea egin zezaten. Hala ere, Gasteizko geltokian dozenaka bidaiari pilatu dira helmugetara iristeko zain.