Ekonomia -
energia berriztagarriak
50.000 alegaziotik gora aurkeztu dituzte Arabako "makroproiektu" energetikoen aurka sindikatu eta elkarteek
Alegazioak Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHTrik ez eta UAGA sindikatuek aurkeztu dituzte, besteak beste, eta manifestazioa iragarri dute Gasteizen, urriaren 26rako.
eitb media
50.000 herri alegazio aurkeztu dituzte sindikatu eta elkartek Araban egin asmo duten "makroproiektu" energetikoen aurka, lurraldearentzat "mehatxu" direla iritzita. Besteak beste eskatzen dute makroproiektu energetikoa geldiaraztea, biodibertsitatea arriskuan jartzen baitu.
Alegazioak Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHTrik ez eta UAGA sindikatuek aurkeztu dituzte, besteak beste, eta manifestazioa iragarri dute Gasteizen, urriaren 26rako, "astakeriatzat" jo baitute gertatzen ari dena.
Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, erakunde horietako ordezkariek, ehun bat lagunen babesarekin, komunikatu bat irakurri dute, eta ohartarazi dute "trantsizio energetikoa" deiturikoa "aitzakia" bezala erabiliz "korporazio handiek gure lurraldearen kontu negozioa" egiten ari direla.
Testuinguru horretan esan dute ez dutela utziko "lurraldea lapurtzen", eta nabarmendu nahi izan dute ez daudela berriztagarrien aurka, baina horiek ezartzeko "irizpide, plangintza eta aurreikuspen" bat egon behar duela. "Berriztagarriak bai, baina horrela ez", esan dute.
Horren guztiaren aurrean, ekimen horiek guztiak gelditzeko, enpresa handiei" muga jartzeko "eta Eusko Jaurlaritza eta Arabako Aldundia lurraren eta lurraldearen defentsan inplikatzeko eskatu dute. "Araban bizitzen jarraitu nahi dugu", ondorioztatu du 16 erakundek sinatutako komunikatu bateratuak, eta hilabete honetan alegazio teknikoak aurkeztuko dituztela azaldu dute.