Ekonomia -

FISKALITATEA

Mutualistei egindako itzulketek erakundeen diru-bilketa murriztu dute: nola eragingo die horrek aurrekontuei?

Datu zehatzik eman ez badute ere, EAEko erakundeetako Ogasun arduradunek jada aurreratu dute mutualistei egindako itzulketek eragin zuzena izango dutela datorren urteko aurrekontuetan.

Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko urteari dagokion errenta aitorpenaren kanpainan lan mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei egin beharreko itzulketek eragin nabarmena izan dute diru bilketan, eta ondorioz, datorren urteko aurrekontuetan ere eragin zuzena izango dute. Hala baieztatu dute EAEko erakunde nagusietako arduradunek.

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburu berriak Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuak diseinatzeko erabiliko dituen gidalerroak aurkeztu ditu gaur, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Aurreratu duenez, aurreikuspenen arabera, 2025eko aurrekontuak aurtengoak baino handiagoak izango dira, baina onartu du mutualistei egindako itzulketek "inpaktu nabarmena" izango dutela.

Bide beretik hitz egin zuen joan den astean Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ere. Ez zuen datu zehatzik eman, baina aurreratu zuen lan mutualitateetan kotizatutako pentsiodunei dagokien dirua itzultzeak eragina izango duela Aldundiaren datorren urteko kontuetan.

Gipuzkoako Ogasunak saldo negatiboa izan du aurtengo errenta kanpainan: hau da, jasotakoa baino diru gehiago itzuli die zergadunei. Hain zuen ere, 362 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 313 milioi euro jaso. 38 milioi euro itzuli zaizkie 102.500 pentsioduni.

Bere aldetik, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak azaldu du errenta kanpaina amaitu arte itxarongo dutela mutualistei zenbat diru itzuli zaien zehazteko. Nolanahi ere, horrek ere ziurtatu du "inpaktu garrantzitsua" izango duela aldundiaren aurrekontuan.

Bizkaiko Foru Aldundian ez dute itzulketa hauen eraginari buruzko deklaraziorik egin, baina Ogasunak itzuli beharreko kopuruaren berri eman du.

Alde batetik, hurrengo astean amaituko dute 2023ko ekitaldiari dagozkion itzulketak egiten; 106,7 milioi euro hain zuzen ere. Ondoren hasiko dira preskribatuta ez dauden azken lau ekitaldietako likidazioak berrikusten. Guztira, 432 milioi euro itzuli beharko dituztela aurreikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Errenta aitorpena Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia EAEko Aurrekontuak EAE gaur