Ekonomia -

EAE-KO AURREKONTUAK

2025eko EAEko Aurrekontuak iazkoak baino handiagoak izango dira, osasun arloa "protagonista nagusi" dela

Gobernu berriak 2025ko aurrekontu proiektua urriaren amaieran onartu nahi du. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 1,9 haziko da aurten eta % 2,1, datorren urtean.

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, gaurko prentsaurrekoan. EITB Media
Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, gaurko prentsaurrekoan
Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, gaurko prentsaurrekoan. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuak aurtengoak baino handiagoak izango dira, lehentasuna osasuna indartzean jarrita. Gobernu eratu berriak 2025eko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontuak gidatuko dituzten gidalerroak onartu ditu, eta bertan jasotzen diren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 1,9 haziko da aurten, eta % 2,1, berriz, 2025ean. Hortaz, hazkunde aurreikuspenak mantendu ditu. Lan merkatuari dagokionez, espero du 2025ean langabezia tasa % 6,8ra jaistea eta 16.000 lanpostu sortzea. 

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburu berriak Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko Aurrekontuak diseinatzeko erabiliko dituen gidalerroak aurkeztu ditu, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.

D'Anjou sailburuak azaldu duenez, XIII. legealdiko lehen Aurrekontua izango dena "euskal herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzera bideratuko da, ziurgabetasun globalak nagusi diren testuinguru batean". Ildo horretan, nabarmendu du antolaketa eta kudeaketa estrategiak "ausartak" beharko direla "finantza publikoen jasangarritasuna", "zorroztasun fiskala" eta "inbertsio estrategikoak" uztartzeko.

Bestalde, D'Anjouk aitortu du mutualistei itzuli beharreko zenbatekoak "inpaktu garrantzitsua" izango duela 2024ean, eta txikiagoa, aldiz, 2025ean. Hala ere, espero du datorren urteko itzulketa horiek Aurrekontuak ez baldintzatzea, eta, hortaz, aurtengoak baino handiagoak izatea.

Europar Batasuneko ekonomia eta aurrekontu-gobernantzaren araudi berria 2025eko aurrekontuetan jarriko da behin betiko indarrean. Hori dela eta, D'Anjouk azpimarratu du "berehalakoan" adostu behar direla EAEko aurrekontu-egonkortasunaren neurriak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan.

Gobernuak 2025ko aurrekontu proiektua uriaren amaieran onartu nahi du, ondoren Eusko Legebiltzarrean tramitazioa hasteko.

Osasuna, "protagonista nagusia"

Osasuna izango da Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuen "protagonista nagusia". Gobernu berriak osasun publikoa eta unibertsala bermatzea izango du helburu, eta haurren eta nerabeen osasunean inbertituko du. Era berean, instalazioak eta ekipamenduak modernizatzen jarraituko duela iragarri du. 

Etxebizitzari dagokionez, arreta berezia jarriko die gazteei eta baliabide edo irisgarritasun premia urriak dituzten adinekoei.

Hezkuntza alorrean, euskal lanbide heziketaren eredua munduko erreferente gisa "finkatzeko" apustuari jarraipena emango dio, eta unibertsitate eta zientzia-sistema bultzatuko du, "puntakoa eta abangoardiakoa izan dadin".

Segurtasunaren esparruan, Ertzaintzaren egitura hobetu eta modernizatuko dela aurreratu du.

Kultura alorrean, sortzaileei, artistei eta kulturaren arloko profesionalei laguntzeko neurriak jasoko dira.

Talentua fidelizatzeak eta erakartzeak indarra izango du enpleguari dagokionean, eta euskal industria babesteko neurriak hartuko dira "aurrerapena, hazkundea eta errotzea bermatzeko". Halaber, I+G+Baren aldeko apustua areagotuko du, urtean gutxienez % 6ko hazkundea eginda.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2025ean autogobernua defendatzen jarraitzeko asmoa azaldu du, haren lege garapena zabalduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak