Ekonomia -

INBERTSIOA

Bilboko metroak 37 tren berri izango ditu 2028tik aurrera

Garraio azpiegitura hau abian jarri zenetik martxan dauden trenak ordezkatuko dituzte. Bost bagoirekin osatutako tren digitalak izango dira, eta, beraz, edukiera % 12 handituko da. Trenez gain, aginte postu zentralizatua berrituko da eta horrek maiztasuna hobetzeko aukera emango du.

Bilboko Metroaren Sopelako egoitza. Argazkia: EFE.
Bilboko Metroaren Sopelako egoitza. Argazkia: EFE.
Bilboko Metroaren Sopelako egoitza. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldudiak 736 miloi euroko inbertsioa egingo dute erdibana Bilboko Metroa modernizatzeko. 30 urte betetzear dagoen honetan eta 100 milioi bidaiariko langa gainditzear dela, urrats berri bat eman eta etorkizuneko Bilboko metroa prestatzen hasteko unea dela adierazi dute bi erakundeek astelehen honetan.

Bost bagoidun 37 tren berri izango ditu metroak 2028tik aurrera, eta garraio azpiegitura hau abian jarri zenetik martxan dauden trenak ordezkatuko dituzte. Inbertsio honi esker bidaiari kopurua %12 haziko da, berrikuntzak maiztasun eta gaitasun handiagoa emango baitio metroari. 

Aurretik zeuden tren unitateak ordezkatzeaz gainera, segurtasuna hobetze aldera, aginte postu zentralizatua eguneratu eta seinaleztapen-sistema modernizatuko dute eta elektrizitate kontsumoa %35 murriztea aurreikusten da, urtean milioi t'erdi euro aurreztuz. 2033rako izango da flota guztia erabat eraberritua. Inbertsio honi esker, gainera, trenen maiztasuna hobetzea ere lortuko da.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Diputatu Nagusiak bi administrazioen arteko elkarlana nabarmendu du: "Datozen hamarkadetako metroa prestatu behar dugu: seguruagoa, gaitasun handiagokoa, egungo eta etorkizuneko eskarietara egokitua, eta are jasangarriago eta efizienteagoa izango den metroa".

Halaber, metroaren berrikuntzak eskatzen dituen jomugak aipatu ditu: tren modernoak, seinaleztapen- eta komunikazio-sistema berria eta aginte-postu eguneratua: "Ekimen horretan batera arituko gara Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza".

Imanol Pradales lehendakariak, bestalde, adierazi du metroa Bizkaiko garraio-sisteman ezinbesteko elementua dela eta Euskadin erreferentea dela. "28 urte beteko ditu eta 37 unitate berritzea funtsezkoa da", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Metro Bilbao Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa Bizkaiko Foru Aldundia