Ekonomia -
Lanaldia
Lan Ministerioa, patronalarekin eta sindikatuekin elkartuko da gaur berriro, lanaldi murrizketa negoziatzeko
Espainiako Gobernuak lanaldia murrizteko proposamen berria jarriko du mahai gainean CEOE eta Cepyme patronalekin jarrerak hurbiltzen ahalegintzeko.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Lan Ministerioko ordezkariak patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin batzartu dira gaur goizean, lanaldi murrizketa negoziatzeko. Gobernu espainiarrak lanaldia murrizteko proposamen berria jarriko du mahai gainean CEOE eta Cepyme patronalekin jarrerak hurbiltzeko asmoz.
PSOEk eta Sumarrek sinatutako gobernu akordioan jasota dago asteko lanaldia 40 ordutik 38,5 ordura murriztea aurten, eta 37,5 ordura, 2025ean. Proposamen horrek sindikatuen oniritzia jaso du.
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan Ministroak ez du lanaldia murrizteko egindako proposamen berriaren edukia aurreratu nahi izan, baina Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak pasa den astean aurreratutakoaren ildotik joango dela espero da. Zehazki, aplikazio epeak malgutzea eta sektore batzuetan "ordu poltsak" handitzea proposatu zuen.
Pasa den asteko bileraren ostean Lan Ministerioak CEOE eta Cepyme patronalei aurpegiratu zien Espainiako Gobernuak lanaldi murrizketari buruz egindako planteamenduei proposamen idatzirik aurkeztu ez izana, eta gaurko bilerara eramateko eskatu zien.
Hala ere, azken egunotan bi aldeen arteko tentsioak behera egin du eta hitz egiten jarraitzearen alde mintzatu dira.
Sindikatuek elkarrizketarako deia egin dute, jakin badakitelako hiru aldeko akordio bat beharrezkoa dela lanaldi murrizketa gauzatzeko.