Ekonomia -

2024RAKO AURREIKUSPENAK

Laboral Kutxak sei hamarren hobetu du EAEren 2024rako hazkunde aurreikuspena, % 2ra arte

Halaber, Laboral Kutxak aurreikusi du aurten Euskal Autonomia Erkidegoan enplegua % 1,8 haziko dela, eta, ondorioz, langabezia tasa % 7,5ean kokatu dela.

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga Laboral Kutxak Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga Laboral Kutxak Bilbon eman duen prentsaurrekoan
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga Laboral Kutxak Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laboral Kutxaren aurreikuspenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia % 2 haziko da aurten, abenduan aurreikusi zuena baino sei hamarren gehiago. Enplegua, berriz, % 1,8 haziko dela, eta, ondorioz, langabezia tasa % 7,5ean kokatu dela uste du.

2024ko hazkunde aurreikuspenak berritu ditu Laboral Kutxak eta horren berri eman dute Joseba Madariagak eta Ibon Urgoitik gaur goizean Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan.

Pasa den abenduan EAEko ekonomiaren hazkundea moteldu eta % 1,4an kokatuko zela iragarri zuen. Horrez gain, enpleguak % 1,1 gora egitea eta langabezia tasa % 8koa izatea espero zuen.

Azkenean, ordea, aurtengo hazkunde aurreikuspena sei hamarren hobetu du Laboral Kutxak, besteak beste, urteko lehen hiruhilekoan ekonomiaren bilakaera espero baino hobea izan delako. Hala ere, Espainiakoaren (% 2,4) azpitik haziko da EAEko ekonomia.

Ekonomiaren "susperraldi ziklikoak" ahalbidetu du, Laboral Kutxaren arabera, ekonomia aurreikuspenak hobetzea. Halaber, industrian izandako "hobekuntza" mantentzea espero du, beti ere sektoreak Europan izango duen bilakaeraren zain. Joseba Madariagaren esanetan, hazkundearen hiru zutabeak zerbitzuak, lan merkatua eta kontsumoa izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Laboral Kutxa argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak BPGd gaur