Ekonomia -

NAFARROA

Volvok bertan behera utzi du Altsasuko Sunsundeguiren lantegian bi autobus modelo berri egiteko akordioa

Sunsundeguiko langileen batzordetik lasai daudela adierazi dute, multinazional suediarrarentzat lanean jarraituko dutelako, eta Volvok lan zama handitzeko konpromisoari eutsiko diolako. Mikel Irujoren arabera, finantza arazoak izan arren, Altsasuko lantegiak bidegarritasuna bermatuta dauka.

Sunsundeguiren instalazioen kanpoaldea Altsasun. EITBko bideo baten argazkia
Sunsundeguiren instalazioen kanpoaldea Altsasun. EITBko bideo baten argazkia
Sunsundeguiren instalazioen kanpoaldea Altsasun. EITBko bideo baten argazkia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volvo Bus Suediako enpresak Altsasuko Sunsundeguiren lantegian luxuzko bi autobus modelo berri egiteko akordioa bertan behera geratu da. 2023. urteko maiatzean itxi zuten bi enpresek akordioa, baina proiektua "konplexuegia" dela iritzita atzera botatzea erabaki dute. Altsasun 9.700 eta 9.900 luxuzko bi modelo fabrikatzea helburu zuen proiektuak.

Multinazional suediarrak duela aste gutxi bisita egin zuen Iruñeara, eta proiektua bide onetik zihoala aditzera eman zuten. Orain, ordea, atzera egin dute erabakiarekin, "enpresaren egoera ekonomikoa" ona ez dela eta inbertsioa handiegia zela argudiatuta.

Testuinguru horretan sindikatuek lasaitasun mezua eman nahi izan dute, esanez, Altsasuko lantegiaren bideragarritasuna bermatuta dagoela. Sunsundeguiko langileen batzordetik adierazi dute Volvoren luxuzko autobusak egiteko proiektua bertan behera geratu arren, "lasai" daudela, multinazional suediarrarentzat lanean jarraituko dutelako, eta gainera Volvok eutsi egiten diolako lan zama handitzeko konpromisoari.

Ildo beretik Mikel Irujo Industriak kontseilariak nabarmendu du, finantza arazoak izanagatik ere, Altsasuko lantegiak bermatua duela bideragarritasuna. Hala, komunikabideen aurrean esan duenez, "Nafarroako Gobernuaren zeregina eta konpromisoa da Sunsundeguiri laguntzea gaur egun bizi duen egoera delikatuari aurre egiteko".

"Egoera finantzarioak oso delikatua izaten jarraitzen du", esan du, eta, horregatik, "Sunsundegui Volvorekin hitz egiten aritu da ekoizpena eteteko, proiektuak inbertsio handia eskatzen duelako, eta, egoera ekonomikoa ikusita, egokiagotzat jotzen delako modelo berrien fabrikazio hori bertan behera uztea".

2023ko maiatzean, Sunsundeguik aurreakordio historiko bat sinatu zuen Volvo Busekin, Suediako automobilgintzako fabrikatzailearen luxuzko bi autobus modelo Altsasun fabrikatzeko. Horri esker, Sunsundeguik 640 unitate ekoizteko gaitasuna bikoiztu ahal izango zuen, baita langile kopurua ere, 650 eta 800 langile artean. Altsasuko eta Sakanako herritarrek, oro har, "oso baikor" hartu zuten akordioa.
Ekoizpena 2024an hastea espero zen, eta lehen modeloak 2025ean merkatuan egotea, baina, esan bezala, bertan behera geratu da akordioa. Hala ere, Volvo Busen eta Sunsundeguiren arteko harremanak jarraituko duela azpimarratu nahi izan dute Suediako enpresatik, eta Volvoko txasisarekin eta Sunsundeguiko karrozeriarekin autokarrak egiteko lankidetzari eutsiko diotela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Altsasu